Berriz ere, zortzi urteren ostean, hemen da Tolosatik abiatu eta Aralarko mendi inguruak zeharkatzen dituen XIV orduko ibilaldia. Maiatzaren 19an egingo dute jada Aralarko adiskideen elkarteak antolatzen duen eta jada Tolosaldeko eskualdean zein Euskal Herria osoan ezaguna bihurtu den proba. Ibilaldia lau urtez behin, hain zuzen ere, Olinpiar jokoen urteetan, antolatu ohi da. Azkenekoz, ordea, 2020an beharrean, 2016an ospatu ziren. Izan ere, elkarteko lagunek adierazi dutenez, “Covidaren pandemiaren ondorioz ezinezkoa izan zen 2020ko martxa egitea”. Hasiera batean hurrengo urtean egiteko aukera buruan izan zuten arren, 2024 itxarotea “egokiena” zela erabaki zuten antolakuntzako kideek, eta gauzak horrela, azkenean iritsi da berriz ere XIV Orduko ibilaldiaz gozatzeko unea.

Mendi ibilaldi honek ordea, egungo ohituretatik atera eta mendiaz beste “filosofia” batekin gozatzeko helburua du. “Azken urteetan mendi lasterketek sekulako gorakada izan dute, baina guk beste modu bateko proba egin nahi izaten dugu”, azaldu du 2023ko maiatzetik Aralarko Adiskideen elkarteko lehendakari den Urko Iturbek. “Nolabait esatekotan, lasterketak eta presak nagusi diren gizarte honetan, mendiaz eta naturaz lasaitasunez gozatzeko aukera eskaintzea da proba honen helburu nagusietako bat. Mendizale garenok mendiaz gozatzeko aukera izatea, besterik gabe”, gaineratu du Iturbek. Laburbilduz, izenak berak dioen moduan, ibilaldia da Aralarko adiskideek antolatzen duten hau, ez lasterketa. Tolosan abiatu, eta Lekunberrira bitartean dauden mendiak, batik bat, Aralarko inguru paregabea, ezagutzeko aukera ematen duen ibilbidea osatzen du.

Ibilaldiaren helburuez hitz egiteko garaian ordea, “mendizaleek izan ditzaketen helburuez gain”, naturarekin ere gogoratzen da Iturbe lehendakaria. “Natura zaintzea eta jasangarritasuna sustatzea ere guretzat oso garrantzitsuak dira. Azken finean, maite ditugun bazterretan ibilaldia egin eta ingurua ez kaltetzea ere posible dela erakutsi nahi dugu”, dio Iturbek. Aurten, berrikuntza modura, Gorriti herrian egingo du proba antolakuntza taldeak. “Horrelako proba batean ezinbestekoa da plastikozko zein kristalezko botilak erabiltzea ura garraiatzeko. Baina, aurten lehenengoz, Gorritin, soilik menditik datozen iturrietatik hornitzen saiatuko gara. Ea etorkizunera begira bide horretan jarraitzerik dugun”, azaldu du.

Tolosako Berazubi estadiotik abiatu eta bertan amaitzen da proba.

Berriz ere “probaren filosofiara” bueltatuz, antolakuntza taldeko kideek zenbait abisu zabaltzeko beharra dela ere nabarmentzen dute. Presarik gabe mendiaz gozatzea helburu duen ibilaldia den arren, “exigentzia handiko proba” dela ere nabarmentzea beharrezkoa dela diote. “68 km-ko ibilbidea 14 ordutan burutzeko, ezin duzu lo hartu. Horregatik, izena ematen dutenei mendian entrenamenduak egiteko gomendatzen diegu beti, ez baita nolanahiko proba”, azaldu du Urkok. Hala eta guztiz ere, berriz beldurrak uxatzeko asmotan norberak bere burua ondo ezagutu eta “gehiegi estutu gabe erritmo bizia” hartuta arazorik gabe burutzeko proba dela azaldu du. Ibilbideak, aurretik esan bezala, Tolosan du abiapuntua, eta puntu berberean du amaiera. Bidean, Lekunberriraino iritsi eta Aralar inguruko mendiak zeharkatzen ditu. Denbora mugei dagokionez, 12 eta 16 ordu bitartean burutzea da antolakuntza taldeak ezarritako muga. “Besteen aurka lehiatu beharrean, norberak bere erritmoa aurkitu eta bere buruaren aurka lehiatzeko proba dela esango nuke. Entrenatzen duenak, ez du arazorik izaten denbora mugen barruan sartzeko. Baina, laburbilduz, hortxe nire gomendioa: Entrenatu, egunean bertan gozatu ahal izateko”, esan du lehendakariak.  

Antolakuntza lanen inguruan galdetzean, lehenik eta behin, “gustora” egiten duten lana dela baieztatu du Urkok. “Gainera, esan beharra daukat 2020ko ibilaldiko antolakuntzan lanean aritu zirenek lanak oso aurreratuta utzi zituztela, eta horrek gauzak asko erraztu dizkigu aurtengo antolakuntza taldeko kideei”, gaineratu du. Aralarko adiskideek Igaratzan dute euren aterpetxea eta guztira, 120 lagunek osatzen dute elkartea. Lehendakariak azaldu duenez, “60 lagun inguru” izaten dira probaren inguruko lanak burutzen. Gainera, egunean zehar, boluntarioen laguntza izaten dutela gogoratu du Iturbek.

IZEN-EMATEAK

2024ko proban parte hartzeko izen-emateak asteartean, hilaren 19an zabalduko dituzte. Antolakuntzak azaldu duenez, goizeko 9.00etan irekiko da aukera, eta 25 euro ordaindu beharko dira. Trukean, kamiseta eta diploma bana jasoko dute ibilaldia amaitzea lortzen dutenek. “Mendiaz eta lagunez gozatzen egun polita pasatzeko aukera paregabea da, eta jendea parte hartzera animatu nahiko genuke, ea guztion artean festa ederra sortzen dugun”, esan du Iturbek.