Oñatiko Udalak deitutako Selma Huxley Barkham ikerketa bekari esker Itsaso Manias Muñoz eta Jone Arrazola Maiztegi oñatiarrek egindako lanaren helburua hurrengoa da: Oñatiko emakume-mojen izaera, bizimodua eta ekarpena arakatzea ikuspegi feminista batetik. Egitasmo honetako emaitzak liburu batean islatu dituzte eta herritarrei aurkeztuko diete otsailaren 12an Santa Ana antzokian izango den ekitaldian (18.30ean).

Herrian dauden hiru komentuetan bildutako datuetan oinarritzen da lana: Santa Anako eta Bidaurretako klausurako klaratarren komunitatearena eta Beneditarrena (urtetan hezkuntzan aritutakoa). Adineko 50 emakume baino gehiagorekin izan dituzten hartu-emanetan euren bizipenak, pentsakerak, nola erabaki zuten lekaimea izatea… jaso dituzte, herritarrengana gerturatuz.

“Mojen jatorriak eta haien testuinguru soziologikoari buruzko datuak batu dira; hiru komunitatetako antolaketa moduak ezagutu dira, eta emakume horien lanbideak eta egitura sozioekonomikoa xerkatuta herriari egindako ekarpena ere baloratu da”, zehaztu zuen Gizarte komunikazioan doktorea den Itsaso Maniasek.

Ikerketa honek ikuspegi zein praktika patriarkal eta feministak emakume-mojen komunitatean zein neurritan dauden aztertu du. “Iruditeria kolektiboak askotan subjektu ahul gisa identifikatu izan ditu mojak. Hau da, aita espiritualen edota apaizen jarraitzaile leial eta sutsuak bezala an-tzeman izan ditu; beti behartsuenak modu desinteresatuan zaintzeko prest zeudenak; pobreziaren, desberdintasunaren eta diskriminazioaren zaindari eskuzabal eta apalak; sukaldari finak eta gozogileak. Uste dugu mojen inguruan eraikitako iruditeria horrek emakume kongregazionista askoren alderdi apurtzaileenak ezkutatzen dituela. Emakume horien anbizioa, autoritatea, lidergoa, adimena, erabakiak hartzeko ahalmena, lorpenak eta autogestioa, besteak beste”, dio Jone Arrazola antropologoak.

Testuinguru honetan, “feminista moduan” airean geratu ezin diren galdera batzuei “erantzuna bila-tzen” lagunduko du azterketa honek: Emakume gisa, nola praktika daiteke erlijio bat eta, aldi berean, feminismoaren ideiak defendatu?; bateraezina al da fededuna eta feminista izatea?...

argazki erakusketa

Selma Huxley Barkham bekaren hirugarren lana da hau. Eman duen fruitua hedatzeko asmoarekin euskaraz idatzitako liburua argitaratu da, eta herriko dendetan jarriko da salgai.

Honekin batera, otsailaren 14tik 25era arte erakusketa egongo da ikusgai Santa Ana antzokiko sarreran. Mojei ateratako hogei bat argazkik osatzen dute Aitane Goñi Landak sinatzen dituen irudiak.