urretxuko Bi-Tartean merkatari elkarteak Herrian Erostearen Magia kanpaina antolatu du. Deskontu bonuak erabiltzeko aukera pargabea izano da, 50 euroko erosketa baleak zozkatuko dituzte, tonbola bat jarriko da eta ostiraletan Ostiral Magikoak ospatuko dira.

Lehenengo Ostiral Magikoa abenduaren 15ean izango da. Tonbola irekiko da eta herritarrek Olentzerorekin eta Mari Domingirekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute. Argazkilari bat egongo da eta hurrengo egunetan argazkiak dendetan banatuko dira eta jendeak berea topatu beharko du etxera eraman ahal izateko. Argazkia ateratzen dutenen artean txokolatea eta txurroak hartzeko tiketak banatuko dira. Tonbolan sari asko banatuko dituzte. Tonbolako boletoak kanpainara atxikitako dendetan banatuko dituzte, erosketak egiten dituztenen artean. Tonbola urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik.

Bigarren Ostiral Magikoa abenduaren 22an izango da. 20.00etan Olen-tzero eta Mari Domingiren zaku magikoko zozketa egingo da: 50 euroko 10 erosketa bale zozkatuko dira aurreko egunetan zakuan txartelak sartu dituztenen artean. Gainera, gaztainak jateko aukera egongo da. Zozketarako txartelak abenduaren 22ra arte banatuko dira atxikitako dendetan erosketak egiten dituztenen artean. Txartelak zenbakituta egongo dira. Zakuan uzten dena eta abenduaren 22an norberak daramana bat etorri behar dira saria jaso ahal izateko.

Azkeneko Ostiral Magikoa abenduaren 29an izango da. Haurrentzako atrakzioak egongo dira.

Aipatu bezala, deskontu bonuak lortzeko aukera ere egongo da. Bonuek 40 euro balio dute eta 50 euroko erosketa egiteko aukera ematen dute. Atzo jarri ziren salgai, Bi-Tartean elkartearen egoitzan (Urretxuko Labeaga 56an). Bonuak txartelarekin ordaindu behar dira. NANa erakutsi behar da eta NAN bakoitzeko bonu bat erosi ahal izango da. Pertsona bakoitzak sei NAN erabili ahal izango ditu gehienez. Bonuak kanpainara atxikitako dendetan erabili ahal izango dira eta erosketak gutxienez 10 eurokoak izan beharko dira.