Zarauzko Udaleko Hirigintza Sailak herriko etxebizitzaren egoerari eta apartamentu eta etxebizitza turistikoen eraginari buruzko azterlan bat jarri du abian. Azterlanaren helburua da Zarautzen dagoen etxebizitzaren sektorearen diagnostiko eta lehen proposamen batzuk egitea, egoerari ahalik eta modurik egokienean heltzeko eta aurre egiteko informazioa eduki ahal izateko.

"Zarautz etxebizitza-eskaera handiko herria da. Dituen ezaugarriengatik eta bizi-kalitateagatik, erakargarria da publikoarentzat. Horrek eskaria eta erosketa- nahiz alokairu-prezioa handitzea eragin du. Azken bi legegintzaldietan Udal Gobernuak Etxebizitza Plana aprobetxatu du Zarautzi behar zuen bultzada emateko etxebizitzaren arloan, babes maila desberdinetako etxebizitzak zein merkatu librekoak eraikiz ", azaldu zuen Garbiñe Oiarbide EAJ-PNVko Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak.

Orain arte ezarritako neurriei esker, zarauztar askok, gazteek zein helduek, etxebizitza berriak eskuratu ahal izan dituzte, baita bigarren eskuko etxebizitzen merkatua eta alokairu-merkatua mugitzeko ere. Hala ere, Udalak beste neurri batzuk hartu behar direla uste du, zehazki, epe luzerako. Horregatik hartu du Udalak etxebizitzaren eta etxebizitza eta apartamentu turistikoen egoera aztertzeko erabakia. Halaber, beheko solairuetako lokalen egoera aztertuko dute, horietan etxebizitza tasatuak gaitu baitaitezke kasu batzuetan, eta apartamentu turistikoak beste batzuetan.

Lokalak etxebizitza tasatu bihurtzeari dagokionez, Udalak ordenantza bat du indarrean, etxebizitza bihur daitezkeen lokalen zerrenda jasotzen duena, baina zerrendan sartuta egoteak ez du aldaketaren bideragarritasuna bermatzen. Horregatik, aipatutako ordenantza berrikusteko beharra antzeman dute.

Bestalde, azken urteotan eztabaida handia egon da erabilera turistikorako etxebizitzei buruz. "Zarautzen kasuan, etxebizitza direla ulertu den heinean, orain arte ez dira arautu, Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak ezarritakoa baino ez dute bete behar izan, baina Udal Gobernuak kezkatzen duen gai horri heldu nahi dio", nabarmendu zuen Oiarbidek.

Aipatutako azterketan jasotzen diren diagnostikoak eta proposamenek aukera emango diote zarauztar udalari herritarrekin eta gaiarekin zerikusia duten eragileekin hausnarketa-prozesu bat abian jartzeko, epe laburrean zein luzean hartu beharreko erabakiak hartzeko.

"Lehen urrats honen bidez, datuetan eta mahai gainean jar daitezkeen proposamen batzuetan oinarritutako lehen ikuspegi bat izan ahal izango dugu, ondoren, gaia zarauztarrekin lankidetzan jorratzeko", gaineratu zuen zinegotziak.