Errenteria – Klown Jardunaldien baitan, klown diziplina artistikoarekin lotutako jardueren programazio zabala antolatu du Les Underklowns amateur taldeak, Niessen elkartearekin lankidetzan.

Topaketa hauen helburua, Niessen elkartetik aditzera eman dutenez, “herritar guztiei hainbat ikuspegitatik ezezaguna den unibertso hau aurkeztea eta aldi berean, berezitasunetako batzuk ezagutaraztea eta fantasiazko mundu hori jendeari hurbiltzea da”.

Jarduerak urteko azken hiruhilekoan garatuko dira; hau da, urritik abendura. Beraz, datorren astetik aurrera, klown eta risoterapia tailer irekiak programatu dira helduentzat. Hauen helburua dinamika horiekin harremanetan jarri nahi dutenengana hurbiltzea da.

Niessen elkartean klown afaria antolatu dute urriaren 27an, eta bazkideek eta ospatu nahi duen edonork, klownerako inprobisazio gaualdia egin ahal izango dute.

Gainera, haurrentzat, azaroaren 18an jarduera ezpezifiko bat prestatu dute, Bilatu zure klown izenekoa, non jolasaren eta makillajearen bidez mundu horrekin konektatuko diren. Sei eta bederatzi urte bitarteko umeentzat bideratua izango da.

Era berean, klown jardueraren alderdi sozialenaren barruan, Errenteriako Jesusen Bihotza egoitzara bisita bat planifikatu da, adinekoekin “irribarre arratsalde bat” parteka-tzeko, azaroaren 7an.

Ziklo honi bukaera emateko, Niessen antzokian, abenduaren 12an, azkenaldian prestatzen aritu diren laborategiko hainbat lanek osatutako ikuskizuna taularatuko dute. Sarrera doan izango da.

Informazio gehiagorako 625 409 275 telefonora dei daiteke.