Zumarragako Udalak, Elkar Zainduz programaren barne, ongizatea lortzeko erremintak eskaintzea erabaki du. Horretarako, Saioa Garmendia aditua kontratatu dute. Ongizate emozional eta autozainketa saioak ematen ari da kultur etxean. Nahi dutenek, Gizarte Zerbitzuetan izena eman dezakete. Adin guztietakoek parte har dezakete eta saioak doan dira.

Garmendia Gipuzkoako hainbat herritan ematen ari da ongizate emozional eta autozainketa tailerra. Bere ustez gizakioi kalte egiten digun gizarte hedonista batean bizi gara. “Dena zoriontasuna, perfekzioa… da. Hori ez da erreala eta frustrazioa sor-tzen digu. Denok dakigu perfekzioak ez duela existitzen, baina inkontzienteki denok hori bilatzen dugu. Gizarte honek hori markatzen digu. Kanpora begira bizi gara. Onartuak izan nahi dugu. Hori ondo dago, baina lehenengo gure burua onartu eta maitatu behar dugu. Eta ez digute irakatsi zer diren emozioak, ezta horiek nola kudeatu. Ditugun pentsamenduen %80a negatiboak dira. Kontziente izaten ikasi behar dugu eta horiek alda-tzen ikasi. Gure pentsamenduek gure errealitatea eraikitzen dute”.

Astigartarrak ongizatea lortzen laguntzen duten gaiak lantzen ditu bere saioetan. “Ondo egoteko, gure burua ezagutu beharra dugu. Autoezagutza, autoestimua, emozioak, indargune pertsonalak… landu behar ditugu. Arnasketari eta meditazio gidatuari ere garrantzi handia ematen diot. Gu ondo egoteko kanpotik laguntza etorri behar dela uste dugu, baina asko gure esku dago. Erremintak identifikatu eta erabiltzen ikasiz gero, asko lor dezakegu”.

Burua kontrolatzea da gakoa. “Burua guk kontrolatu behar dugu eta ez buruak gu. Inkontzienteki asko hitz egiten diogu gure buruari eta orokorrean modu negatiboan egiten dugu. Kontua kontzienteago bizitzea da. Gauzak zergatik egiten ditugun jakitea”.