Orioko arraunlari beteranoen traineru-estropada gaur da
Arratsaldeko 16.00etan hasiko da eta 1.750 metroko bi luze eta ziaboga bakarra egingo dute
Arraunlari beteranoen La Salve ligako egutegiaren barruan, gaur jokatuko da Orioko estropadaren bederatzigarren edizioa. Badok13 arraunlari beteranoen elkarteak antolatu du proba eta hiru txandatan jokatuko da. Arratsaldeko 16.00etan hasiko da.
Salatxo tabernaren parean hasiko dira eta, errioan gora, 1.750 metroko bi luze eta ziaboga bakarra egin beharko dituzte traineruek. Estropada-eremua kale bakarrekoa izango da eta erlojuaren kontra irtengo dira bi minutuko maiztasunarekin.
Guztira, 6 tripulazioko 3 txanda egingo dira, arratsaldeko 16.00etan hasita. eta txanden artean bost minutuko denbora-tartea utziko da. Adibidez, bigarrengo txanda 16.30ean irtengo da eta hirugarrena 17.00etan, gutxi gora behera. Lehen txandan Iberia B, Badok 13 B, Getxo B, Plentzia B, Bilbao B, Trintxerpe eta Aizpurua irtengo dira.
Bandera estropadaren amaieran emango zaio irabazleari, uretan. Gainerako sariak ontzi guztiak lehorreratutakoan banatuko dira, La Salveren karpan, Arraunetxe parean. Euria edo eguraldi txarra egiten badu, Arraunetxe barruan izango da sari banaketa.