Maiatzaren 20an, 10.00etatik 16.00etara, Aniztasun Jaia ospatuko da Urretxun. Hainbat ekitaldi egongo dira, herriaren aniztasuna ezagutzera emateko eta txalotzeko.

10.00etan hasiko da festa. Ordurako, postuak prest egongo dira eta sukaldeak martxan. Izan ere, lau kontinenteko eta hamar herrialdetako gastronomia eta kultura ezagutzeko aukera izango da: Pakistan, Katalunia, Senegal, Venezuela, Kolonbia, Maroko, Peru, Honduras, Ekuatoreko Ginea eta Argentina.

Postuetan, jateko eta edateko aukeraz gain, herrialde horiek eta beraietatik etorri diren urretxuarren bizipenak ezagutzeko aukera egongo da.

Ekitaldiak ere antolatu dituzte, adin guztikoentzat: henna ikastaroak, Afrikako txirikordak eta txapak egiteko eta aurpegia margo-tzeko aukera...

Munduko herrialde ezberdinetatik Urretxura etorri direnekin batera, Aspaceko kideek parte hartuko dute. Beraiek ere aniztasunaren aldeko aldarria egingo dute. 11.00etan saskiak nola egin erakutsiko dute.

Eguerdian, 12.30ean, Zirika Zirkusen ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. Zirika Zirkusekoek umorea, maitasuna, aniztasuna eta berdintasuna aldarrikatuko dituzte.

Aniztasun Jaia Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak antolatu du. Mahaiko kideek urretxuarrak eta inguruko herrietako bizilagunak egun horretarako antolatutako ekitaldiez gozatzera eta lagun berriak egitera animatu dituzte.