Irun: bi hitzordu garrantzitsu errugbizaleentzat
Irungo Errugby Egunean bi hitzordu garrantzitsu izango dituzte eskualdeko errugbizaleek. Txingudi Rugby Klubak egitarau zabala antolatu du larunbaterako.
Eguna goizean goiz hasiko da, Txingudi Badia nazioarteko errugbi topaketa izenarekin eskualdeko rugby klubak prestatutako egitaraua Plaiaundin. Bertan, 10 eta 12 urtez azpiko mailetako zortzi talde bilduko dira laurehun bat pertsona bilduko dituen rugby eskolen topaketa handian. Aurtengo gonbidatuek, etxeko taldearekin batera eta denak-denen aurka formatuan, 7 minutuko partidak jokatuko dituzte.
“Pozik gaude horrelako ekimena bultzatzeaz, gure eskoletako jokalari eta trebatzaileentzako egundoko esperientzia izango dela ziur gaude” nabarmendu du Iñigo Aizpuruak, Txingudiko eskolako zuzendariak. “Jatorri hain ezberdinetako klubak bilatu ditugu bai jokalariek zein guraso edo eskolako partaideek beste errealitateak eta lan egiteko moduak ikus ditzagun. Txikiek ondo pasatzeaz harago, topaketa honek ekarpenak egingo dizkigula uste dugu”.
Partiden ostean, parte-hartzaile guztiek saria jasoko dute eta hirugarren denbora eskainiko die mugako taldeak. Gainera, hura dastatzen duten bitartean, beste norgehiagokaz gozatu ahal izango dute, Txingudiren sub 16ak Uribealdea jasoko baitu etxean 14.30etatik aurrera.
Plaiaundiko egitaraua amaituta, 17.00etan kalejiran aterako dira parte-hartzaile guztiak Irungo erdigunerantz. Bertan, udaletxearen aurrean jarriko duten rugby zelai txikiaren inguruan, musika, zozketak, jolasak eta bestelakoak izango dira.
Elkartetik gonbidapena zabaldu nahi dute baloi obalaren kirolaren inguruan antolatutako ekimen honetara.
Temas
Más en Bertan
-
La ciudadanía de Lazkao decide que proyectos hacer realidad con 100.000 euros
-
Vuelve a Irun el programa 'Bizi gogoz' con actividades gratuitas para mayores de 60
-
“Los jóvenes no se animan a crear una carroza en las Euskal Jaiak de Zarautz porque no tienen medios”
-
Legazpi homenajeará a Unai Garitano, campeón del mundo de Kenpo Kai