Síguenos en redes sociales:

Doako formakuntza Usurbilen zaintzaileentzako

Etxeko arretan lanean aritzen direnentzako formakuntza saioak eskainiko ditu Usurbilgo Udalak, pertsona ardatz duen zaintza ereduan sakontzeko trebakuntza jaso dezaten. Zaintzaileek ikastaroan parte hartu ahal izateko baliabideak eskainiko dizkie Udalak familiei, eta horren berri emateko gutunak bidali ditu.

Nazaret lanbide heziketarekin elkarlanean eskainiko ditu ikastarook: apirila eta uztaila bitartean, profesionalen formakuntzarako bi orduko 13 saio eskainiko dizkie Udalak etxeko arretan aritzen diren langileei. Saioak erabat doakoak izango dira, eta eskolak egokitzen diren orduak euren lanorduetan badira, beste profesional batek ordezkatzeko aukera emango die Udalak. Interesa dutenek udaleko Gizarte Zerbitzuetan eman dezakete izena ikastaroan parte hartzeko.

Ikastaroak profesionalen ezagu-tza, trebetasuna eta gaitasuna handitzea izango du helburu, eta hainbat eduki landuko dituzte. Batetik, etxean eta komunitatean pertsona ardatz duen arretaren ezarpenerako funtsezko elementuak identifikatu eta aplikatzen erakutsiko diete. Bestetik, pertsonen eskubideak identifikatu eta baloratzen ikasiko dute, mendekotasun egoeretan dauden pertsonei eskubide horiek bermatu ahal izateko. Horrekin batera, mendekotasun egoeran dagoen pertsona ezagutzeko estrategiak bereganatuko dituzte. Aldi berean, zaintza behar dutenekin zein bere ingurukoekin komunikazio eraginkor eta afektiboa gara-tzen ikasiko dute. Azkenik, zain-tzaileen zaintzari ere erreparatuko diote: nork bere burua zaintzeak mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeko duen garran-tziari erreparatuz.

Hiru urte dira Udalak zaintza eredu berri bat eraikitzeko parte-hartze prozesua hasi zuenetik, eta aurten hasiko da eredu berri hori martxan jartzeko urratsak egiten: formakuntza saioak eskaintzea urrats horietako bat da. Zaintza ekosistema eraikitzearen helburu nagusia gaur egungo arreta eredua birformulatzea da, eta zaintzak pertsona ardatz duen arretaren ikuspegitik ematea.