Abenduaren 17an Usurbilek Santuenea auzoan herri galdeketa izango du. Elkarlanean antolatu dute Santuenea Elkarlanean talde eragileak eta Usurbilgo Udalak. Iazko udazkenean abiatutako parte-hartze prozesuaren bidez, Auzo Plana osatu zuten Santuenean, eta gai gehien-tsuenetan adostasuna lortu bazuten ere, bada gai bat lotu ez dutena: auzoaren erdigunearen antolaketa.

Eskubaloi kantxa da nagusi bertan, eta horren inguruko iritzi desberdinak daude auzotarren zein Santuenea Elkarlanean talde eragilean ere. Hala, Udalari eskatu zioten berme guztiak izango dituen galdeketa egitea, elkarlanean, eta urriko osoko bilkuran onartu ziren galdeketa egiteko prozedura administratiboa, galdera eta agiriak. Erabakia irmoa da: abenduaren 17an egingo dute galdeketa Santueneako Kultur Elkartearen egoitzan, eta Udalak auzotarren iritzia errespetatzeko konpromisoa hartu du.

Hauxe izango da auzotarrek eran-tzun beharko duten galdera: “Nahi al duzu auzoaren erdigunea berrantolatu, horretarako eskubaloi kantxaren neurriak txikitu behar badira ere?”. Bozka emateko bi baldintza bete beharko dituzte herritarrek: 16 urtetik gora izatea eta auzoan 2022ko urriaren 15a baino lehenagotik erroldatuta egotea. Udal taldearen esanetan, erroldaren arabera, 359 auzotarrek betetzen dituzte bi baldintza horiek. Ainhoa Arrozpide zinegotzi eta Santueneko auzotarrak ariketaren esanahia nabarmendu du.

Galdeketaren egun nagusia 17a izango bada ere, egun horretan bozkatu ezin dutenentzat bigarren egun bat jarri dute: abenduaren 13a. Goizean (9.00-14.00) udaletxean eta arratsaldean (16.00-20.00) Santuenean bozkatu ahalko da.