Síguenos en redes sociales:

Urretxu: abenduaren 16 eta 17an merkatarien ‘Asteburu Magikoa’ izango da

Urretxu: abenduaren 16 eta 17an merkatarien ‘Asteburu Magikoa’ izango da

Herrian Erostearen Magia kanpaina antolatu du Bi-Tartean merkatari elkarteak gabonetarako. Ostegun honetatik deskontu-bonuak eros daitezke, bezeroen artean 100 euroko bost erosketa-bale zozkatuko dituzte eta hilaren 16an eta 17an Asteburu Magikoa ospatuko dute.

Deskontu-bonuak Bi-Tarteanen bulegoan daude salgai, Urretxuko Labeaga 56en. 40 euroko bonuarekin 50 euroko erosketa egin ahal izango da, abenduaren 31n amaituko den kanpainaren barnean.

Bestalde, hilaren 16an eta 17an Asteburu Magikoa martxan izango da. Bi egun horietan ekintza asko gauzatuko dira: larunbatean, adibidez, Olentzero eta Mari Domingi erraldoiak jarriko dira Areizaga-Kalebarrenen; Mikel Ibarzabal artista da Mari Domingiren panpin erraldoia egiten ari dena. Arratsaldeko 17.30etik 19.30era, haurrek Olentzero eta Mari Domingirekin argazkiak ateratzeko aukera edukiko dute.

Egun bererako beste lau ekitaldi ere antolatu dira: 18.30etik 20.30era, Zirkun Zirkok kalejira egingo du; 18.00etatik 20.00etara, Asier Kidamek magia ikuskizuna izango da bi herrietako toki ezberdinetan; 18.00etatik 21.00etara txu-txu trenean ibiltzeko aukera egongo da eta azkenik, 19.00etatik 21.00etara, BentaZaharreko Mutiko Alaiak taldeak geltokiko pintxo-potea girotuko du.

Abenduaren 17rako, berriz, beste bi ekitaldi prestatu dituzte. 11.00etatik 14.00etara haurrentzako jolasak egongo dira Areizaga-Kalebarrenen eta horren amaieran 100 euroko bost erosketa-bale zozkatuko dira toki berean. Zozketa horretan Olentzeroren eta Mari Domingiren zakuan hamar euroko erosketa tiketak sar-tzen dituzten guztiek parte hartuko dute.

Ekintza horietan guztietan aritzen direnei txokolate beroa, gaztainak eta Hugo eta Eusebioren atrakzioetan jolasteko txartelak emango dizkiete.

Kanpaina asteazkenean aurkeztu zuten Areizaga-Kalebarrenen; Jon Luqui, Urretxuko alkateak, bi udalen eta merkatari elkartearen arteko harreman estua azpimarratu zuen. “Gure babes osoa dute. Bertan kon-tsumitzea bultzatzeko eta gure bi herriotako kaleak janzteko lan handia egiten ari dira. Herrian erostera eta ekitaldietan parte hartzera animatzen zaituztet”.

Rosa Maizak, Zumarragako zinego-tziak, “elkarlana oso garrantzi-tsua dela” goraipatu zuen. “Herria egitea oso garrantzitsua da eta horretan merkataritzak garrantzi handia du. Bi udalok geroz eta estuago lan egiten ari gara merkatari elkartearekin. Elkartea apustu handia egiten ari da eta gure betebeharra babestea da. Gabonetakoak egun bereziak dira eta egun hauetako magia merkatariek jartzen dute. Elkarteari eskerrak eman nahi dizkiot eta herritarrak herrian erostera animatu nahi ditut. Herriko dendetan deskontuak, kalitatezko produktuak eta maitasuna aurkituko dituzte”, adierazi zuen Maizak.