Datorren astelehenean abiatuko du Maxixatzen euskara elkarteak Orbel-jokuen seigarren edizioa eta parte hartu nahi dutenek bihar arte eman dezakete izena. Horretarako taldeari jarritako izena eta kideen informazioa bidali behar da, 675 857 111 telefono zenbakira Whatsapp mezua bidalita edo maxixatzen@maxixa-tzen.eus helbidera idatzita.
Maxixatzen euskara elkartetik jakinarazi dutenez, euskaran eta euskal kulturan oinarritutako udazken honetako Orbel-jokuen dinamika aurreko edizioetako berdina izango da: “Azaroaren 7an hasita, hiru astetan galderak proposatuko zaizkie talde guztiei”.
Galdera horiek astelehenero argitaratuko dira Maxixatzen.eus webgunean, eta taldeek osteguneko 15.00ak arte bidali ahalko dituzte erantzunak 675 857 111 telefono zenbakira edo maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora.
Gaiak eta sariak
Orbel-jokuen antolatzaileek aurreratu dutenez, lehen astean, azaroaren 7koan, galdera orokorrak egingo dituzte, azaroaren 14ko astean Euskaraldiaren inguruko galderak erantzun beharko dira, eta 21eko astean Maxixatzen 25 urteko erreportaje digitaleko Erein atalari buruzko galderak egingo dituzte.
Punturik gehien lortzen dituzten hiru taldeak sailkatuko dira finalera, eta talde horiek herriko saltokietan gastatzeko bonuak irabaziko dituzte: lehen sailkatuak 450 euroko txartela eskuratuko du, bigarren taldeak 300 eurokoa, eta hirugarrenak 150 eurokoa. Gainera, parte hartzen duten talde guztien artean 150 euroko beste bonu bat zozkatuko dute. – J.Leon