Beraien seme-alabei laguntzeko eta gizarte hobeago bat lortzeko oso gogor egin dute lan azken mende erdi honetan. Izan ere, duela 50 urte garun paralisia zuten haur eta gazteen gurasoek Aspace elkartea sortu zuten. Elkartearen lehen mende erdia ospatzen ari dira eta horretarako erakusketa bat prestatu dute. Hilaren 27a arte Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan egongo da. Bertan, elkartearen historiaren eta lanaren berri ematen da.

Inaugurazio ekitaldia ostiralean izan zen. Ekitaldian, Elisa Carmona Aspace Gipuzkoako lehendakariak, Lurdes Etxaniz Goierriko ordezkari eta erabiltzaile baten amak, Miguel Angel Gomez erabiltzaileak eta Maialen Fidalgo zinegotziak hartu zuten hitza. Jon Luqui alkatea eta Igor Zubillaga zinegotzia ere bertan egon ziren, hainbat erabiltzaile eta gurasorekin batera. Guztiek Aspaceren ekarpena txalotu zuten.

Fidalgok Aspacek gipuzkoar guztion pentsatzeko eta jokatzeko era aldatzea lortu duela azpimarratu zuen. “Sortzaileek integrazioaren alde lan egin behar zutela ikusi zuten eta egun Aspaceko kideak Urretxuko Aniztasun eta Bizikide-tza Mahaiko kide aktiboak dira. Hala, Elkarbide paseoetan eta Aniztasunaren Festan parte hartzen dute, besteak beste”.

Egoitza berria

Urretxuko egoitza 1978an ireki zuten, San Martin auzoan. Egun Labeaga kalean daude. Aurki, 2023ko amaieran edo 2024ko hasieran, zentro integrala irekiko dute pasiotarrena zen eraikinean. Bertan, 36 lagunei zerbi-tzu emango zaie: 22 eguneko zentroko erabiltzaileak izango dira eta hamalau bertan egingo diren apartamentuetan biziko dira. Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera aterako du aurrera egitasmo hau. “Aspacek egiten duen lana ezagutarazten lagunduko du eta erabiltzaileen gizarteratzea erraztuko du, bertan ikastola, igerilekua eta emakumeen etxea baitaude”. Gainera, adinekoentzako etxebizi-tzak ere egingo dira.

Carmonak Aspacek 490 pertsonei zerbitzu ematen diela gogoratu zuen. Gainera, Orona enpresari, Odriozola sendiari eta Urretxuko Udalari eskerrak eman zizkien. Oronari erakusketa ordaintzeagatik, Odriozola familiari Urretxuko dendako lokala doan uzteagatik eta Udalari beraien beharrak asetzeagatik.