Síguenos en redes sociales:

Zumarraga: Udaleko alderdi guztiak, Buruzai zentral eolikoaren aurka

Zumarraga: Udaleko alderdi guztiak, Buruzai zentral eolikoaren aurka

Zumarragako PSE-EE, EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin-Zumarragak mozio bat adostu dute eta Buruzai zentral eolikoaren kaltetutako gainontzeko Udalei zentralaren aurkako lan teknikoa elkarrekin egitea proposatuko diete.

Mozioa astearteko osoko bilkuran onartu zen. Testuan Green Capital Power enpresako Green Capital Development sozietateak Eusko Jaurlaritzari aurkeztutako hasierako proiektuaren berri ematen da.

Hasierako dokumentu horretan jasotako datuen arabera, Buruzai zentral eolikoak 184 megawatteko potentzia izatea aurreikusten da. Lau aerosorgailu instalatu nahi dira. Izazpiko gurutze zaharrean, Pagotxetan, Oletan eta Pagozurietan (Oletako mendebaldean), gutxi gorabehera.

Aerosorgailuek 115 metroko altuera izango lukete eta beraien palek 77,4 metroko luzera. Zumarragan lau aerosorgailuetako bat instalatzea aurreikusten da, baina parkeko lurren mugimendua Zumarragan da ia erabat. Izazpi, Pagotxeta, Samiño eta Oleta mendietatik igarotzen da eta 176.087 metro kubikoko lur erauzketa egitea aurreikusten da.

Enpresak aurkeztutako egitasmoaren arabera, parke eolikora sartzeko bidea Zumarragatik bakarrik igaroko da. San Kristobal auzoko errepidetik eta Oraa Goikoa eta Altxola baserrien ondotik igaroko da.

Zumarragan instalatu nahi duten aerosorgailuak 25,80 metroko diametroa eta 4 metroko sakonera dituen hormigoizko oinarria behar du. Gainera, lurpeko linea eta aireko linearen zati bat Zumarragatik igaroko litzateke. Aireko linea Aizkibel, Leturiondo, Leturierdi, Leturibarrena, Leturigoiena, Olarte eta Kortaberri baserrietatik igaroko litzateke.