Andramaixek normalean ospatzen diren data iristen ari denean, eta aurten jairik izango ez denez, Udalak erantzukizunez jokatzeko deia egin du. Hori dela eta, arauak “errespetatzeko” eta “jairik ez” egiteko deia luzatu dute, “osasun-arauak eta, ondorioz, guztion osasuna arriskuan jartzen duten jokabideak” gertatzeko aukerak “kezka” sortzen duelako.

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta alderdi guztietako ordezkariak, bertan egotea ezinezko izan zi-tzaion Azkoitia Baikoa izan ezik, bat eginda azaldu dira eta herritarrei mezu argia helarazi diete: “Nigatik. Zugatik. Guztiongatik. Zaindu”. Aipatutako lelopean, Udalak sentsibilizazio kanpaina bat jarri du martxan jairik ez ospatzeari begira.

“Lastima da jaietako zapia kaxoian gordeta eduki behar izatea, Ondo pasau Andramaixek ezin abestu izatea eta ekitaldiekin ez gozatzea. Tamalgarria da, noski, baina bizi izan dugun guztiaren ondoren, guztiok bat egin behar dugu aurtengo ez-jai hauetan, eta elkartasuna adierazi jarrera egokia erakutsiz “, adierazi du alkateak, eta kutsatzeak saihesteko hiru gakoak zorrotz mantentzearen aldeko aldarrikapena egin du: “ Distantzia, maskara eta eskuak garbitzea “. “Formula ondo ezagutzen dugu, baina laugarren elementu bat ere ezinbestekoa da, hots, arauak betetzeko erabaki indibiduala, bestela ondorioak negargarriak izan baitaitezke”, gaineratu du.

Alkatearen esanetan, ostalariek eta udaltzainek ez dute zeregin erraza izango egun hauetan, eta horregatik eskatu zuen guztion laguntasuna, gauzak bere onetik irten ez daitezen. “Dagozkion neurriak hartuko dira. Tabernen edukiera eta ordutegiak kontrolatuko dira, zaintza indartuko da, ahal den guztia egingo da egoera oreka egokian eusteko, baina guztiok izan behar dugu egiten dugunaz kontziente eta ardura-tsu. Kritiko ere izan behar dugu, ondokoa behar bezala ez dabilela ikusten badugu. Inork ez du berriro konfinatu nahi, eta oraindik garaiz gabiltza. Eskuak garbitzen ditugun bakoitzean, maskara jantzi eta distantzia gordetzen dugunean, arrisku hori saihesten ari gara eta COVID-19ari borroka irabazten “, azpimarratu du.

Zubizarreta ostalari batzuekin bildu zen joan den astean, euren lokaletan kontrola zorroztu behar dutela argi uzteko asmoz. Establezimendu bakoitzak kontrolatu beharko ditu edukiera, bezeroek maskarak erabiltzea eta taldeen arteko distan-tzia. Gainera, debekatuta egongo da terrazetatik kanpo kontsumitzea eta botiloiak egitea.

“Jendeak lehen afalostean irteteko ohitura zuen eta orain goizetik hasteko tentazioa izan dezake, gauean egiten zituen gauza berberak egin ditzakeela pentsatuz. Horrek, gauzak bere onetik ateratzeko arriskua ekar lezake Zubizarretaren ustez, eta eran-tzukizun indibiduala eta kolektiboa eskatu ditu: “Nigatik. Zugatik. Guztiongatik. Zaindu! “, leloak dioen bezala.

Udaltzaingoa eta Ertzaintza arduratuko dira guztion segurtasuna bermatzeaz eta neurriak zuzen bete daitezen, hala, datorren urtean, orduan bai, Azkoitiko Andramaixek topera disfrutatu ahal izateko.