Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalak ikusmin handia sortu du eta milaka bertsozale jasoko dituzte Donostia Arenako harmailek. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera oholtzan izango dira aurtengo zortzi finalistak: finalaurreko bana irabazi duten Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin eta Oihana Iguaran, eta puntuei esker sailkatu diren Ane Labaka, Nerea Elustondo, Eneritz Artetxe, Andoni Rekondo eta Aner Peritz.
Hasteko, bertsolari bakoitzak 16na bertso puntuagarri abestu beharko ditu; une horretan, puntuazio altuena duten bi bertsolariak buruz burukora pasako dira; eta azken zatian beste 10na bertso abestu beharko dituzte, txapelduna nor den jakiteko. Aurten, Arantzazu Loidik jantziko dio irabazleari txapela.
Sarrerak gaur eguerdira arte erosi ahal izango dira www.bertsosarrerak.eus webgunean. Aurrez agortzen ez badira, 14:30ean irekiko da txarteldegia. Aurten, Illunben, haurrak zaintzeko txokoa eta puntu morea egongo dira, eta baita autoentzako aparkalekua ere, antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko eskaera egin duten arren. Gerturatzerik ez dutenek ere izango dute finala jarraitzeko aukera, Euskal Telebistak zuzenean eskainiko baitu.
Beñat Gaztelumendi: «Ariketa bakoitzean oso erne egon nahi dut»
Birritan txapeldun izandakoa da Beñat Gaztelumendi (Añorga, 1987) eta bera da faborito nagusia. «Bide berriak» aurkitu nahi ditu eta pozik da taldearekin: «final honetako zortzikotea da orain arte egokitu zaidan talderik gustagarriena». Gaur hirugarren txapela jantziz gero, Gipuzkoako Txapelketen historian txapel gehien dituen bertsolaria izango da, Aitor Mendiluzeren aurretik.
Alaia Martin: «Ilusio handiz nator, asko entzuteko eta esateko gogoz»
Gaztelumendirekin batera, txapela irabazteko hautagai nagusiena da Alaia Martin (Oiartzun, 1987). Orain arteko bidea «atsegina» egin zaio, eta «ilusio handiz» iritsiko da Illunbeko hitzordura, Eibarko eta Zarauzko kanporaketak aise irabazita. Alaia Martinek, bere laugarren finala izango du gaurkoa, baina ez da «bat gehiago» izango: «aurten beste era bateko lanketa egin dut, zabalagoa, eta gogoa dut oholtzan ere beste modu batera egoteko».
Oihana Iguaran: «Gorako bidea gelditzen zait oraindik»
Finalera zuzenean sailkatzea lortu du Oihana Iguaranek (Amasa-Villabona, 1991) ere, eta hirugarren aldiz arituko da kantuan gaur Illunben. Prestakuntzarekin «asko gozatu» du, eta txapelketako plazak ere «ederrak» begitandu zaizkio. Bertsozaleak bereziki estimatzen du bere kantaera dotorea eta, finalari begira, «gorako bidea» gelditzen zaiola aurreratu du.
Ane Labaka: «Koska bat gora egin nahi dut aurten»
Puntuazioz sailkatu direnen artean, lehenengoa izan da Ane Labaka (Lasarte-Oria, 1992) eta bere bigarren finala izango du. Labakak koxka bat gora egin du aurten, eta horren lekuko da Oiartzunen egin zuen finalaurrekoa. Finalean, «egotetik harago, beste koska bat gora egitea» desio du.
Nerea Elustondo: «Belaunaldi baten azken ordezkaria naiz»
Finaleko bertsolaririk beteranoena da Nerea Elustondo (Legazpi, 1981) eta horren jakitun da: «Belaunaldi baten azken superbibientea naiz». 2019an lortu zuen lehen aldiz finalera sailkatzea, eta aurten bere aulkiari eusteko gauza izan da. Hori bai, ordutik hona, «egonarria» irabazi duela aitortu du eta gaur Illunben «bertsotan» egin nahi du.
Eneritz Artetxe: «Duela gutxi ez nukeen sinetsiko hemen egoterik»
Bolada batez txapelketak eta bertso jarduna alde batera utzita egon ostean, aurtengo finaleko berritasunetako bat da Eneritz Artetxe (Azkoitia, 1990). Sailkapen faseari maiatzean ekinda, «luzea bezain ederra» egin zaio orain arteko ibilbidea. Ez da konformatzen bere lehen finalera iristearekin: «Oholtzan egotea baino, egitea nahi dut».
Andoni Rekondo: «Konforme geratu gabe, lana borobildu nahi dut»
Txapelketan bezalaxe bertsolaritzan, ezohiko bidea egin du Andoni Rekondok (Hernani, 1999) bere lehen finalera sailkatu arte. Bertsotan berandu hasitakoa da eta aurtengo txapelketan «ume baten ilusioarekin» sumatu da. Finala «opari bat bezala» gozatuko du: «Bertsozaleei ahalik eta saiorik ederrena eskaini nahi diet».
Aner Peritz Euzkitze: «Plaza hau baliatu nahi dut zertarako gauza naizen erakusteko»
Finaleko hirugarren berritasuna da Aner Peritz Euzkitze (Zarautz, 2002). 22 urterekin, bera da gazteena, nahiz eta dagoeneko eskarmentu handia duen plaza zein jaialdietan: «Espero nuen baino urrutirago iritsi naiz». Ez dio bere buruari lorpenik exijitzen, ahatik, aukera baliatu nahi du «zertarako gauza» den erakutsi eta «nahi duen hura» esateko.