Bertso mundua gertakari batek ardaztu du aurten: lehen haurren bertso-eskolaren sorreraren 50. urteurrenak. Eskoriatzako Almeneko bertso-eskolaren urteurrenak txapelketa izan du eszenatoki nagusi, lehen bertso-eskola horri omenaldia egin nahi izan baitio txapelketak, eta ez da gutxiagorako izango finala. Arantzazu Loidi Almeneko bertso-eskolako ikasle izan zen, eta Patxi Goikolea izan zuen irakasle; biak izango dira Illunbeko oholtzan abenduaren 14an: txapeldunari txapela jantziko dio Loidik, eta 25 urtez azpiko bertsolari onenari saria eman Goikoleak.

Arantzazu Loidi azken hamarkadetako bertsolaritzako izen propio bat da. Lehen haurren bertso-eskola hartako kide, bertsolaritzaren alde eta ertz ugari bizi izan ditu: hasi bertsoak abestetik eta berauek ikertzeraino, gaiak jartzetik eta epaitzetik pasatuta. Lehen plaza gazte egin zuen, artean neskatila zela, eta berau zen bakarra: bere belaunaldian plazarako saltoa eman zuen lehen emakumea izan zen, eta izendapen horrek ardaztu zuen bere ibilbidea.

Loidi eta bere belaunaldi kideak hauspotzen aritu zen Goikolea, Joanito Akixu eta Xanti Iparragirrerekin batera. Hiruak bildu eta Debagoienako bertsozaletasuna hauspotzeko ardura hartu zuten, eta bai lortu ere.