Azken txanpan sartua da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, eta Oiartzungo Elorsoro kiroldegian jokatu da gaur lehendabiziko finalaurrekoa. 1.200 ikusleren aurrean, Beñat Gaztelumendi Arandia izan da puntu gehien bildu dituen bertsolaria (560,5) eta, ondorioz, añorgatarra zuzenean sailkatu da abenduaren 14an Illunben jokatuko den finalera. Gaztelumendiren atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, gaur kantukide izan dituen Ane Labaka Mayoz, Nerea Elustondo Plazaola, Asier Azpiroz Iztueta, Oier Etxeberria Zubimendi eta Eli Pagola Apezetxea. Ane Ezenarro Beristain aritu da gai-jartzaile lanetan.
Finala Donostiako Illumben izango da abenduaren 14an
Bertsolariek Oiartzungo saioari hotz xamar ekin dioten arren, hasieratik nabarmendu dira hiru izen: Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi eta Nerea Elustondo. Hain justu ere, azken biek zortziko txikian egindako ariketa izan da arratsaldeko lanik aipagarrienetako bat. Gaiak hala aginduta, Elustondo magoak umorez abestu dio publikotik atera berri zuen Beñat boluntarioari: “nahiz ikusten zaitudan / bastante patxadan / sar zaitez kaxa hontan / zatitu zaitzadan.” Elkarrizketa bikaina osatu dute bien artean eta Gaztelumendiren lehen bertsoko erantzuna da horren lekuko: “metro t’erdi bakarrik / horixe naiz, aizu / ni gehiago zatitzen / kosta behar zaizu.”
Garailea, behetik gora
Gainerakoek bezala, Gaztelumendik ere behetik gorako saioa egin du, akatsik gabeko arratsaldea, bakarkako ariketa zoragarri batekin borobilduz. Harrigarriak izan dira kale-garbitzailearen larruan osatu dituen hiru bakarkakoak, bai edukiz, baita abiaduraz ere, hiru bertsoak bata bestearen atzetik abestu baititu. Eman duen mailaren lekuko da lehen bertsoa: “Erratzarekin banabil / Bulevarrean barrena / Laboralan sukurtsala / hori pasa dut aurrena. / Lehenbizi orbel pilo bat / udazkenak dakarrena, / plastikozko zenbat ontzi / gertu baitago taberna, / ta gero Plaza Berrian / apurtu ohi zaigu sena / hainbeste jende delako / kalean geratu dena / ta bizitoki kartoi / mehe bat hartu duena / horixe da Donostiaz / kontatzen ez digutena.”
Añorgatarrak, zortea ere lagun izan duela esan daiteke, pare-pareko gaiak egokitzeaz gain, ofizioetan lagun izan dituen bertsolariek ere bidea erraztu baitiote. Binaka osatu beharreko ganbarako lanean, esaterako, saio borobila osatu dute Ane Labakak eta biek, abortu bat tarteko, une gogorra bizi izan duten bikotekideen paperean. Honela ekin dio elkarrizketari Gaztelumendik, seiko motzean: “sofan mantapean, bare / gertu-gertu, parez pare / haurra ez zaigu etorri baina, gu hementxe gaude”. Dotore borobildu du ganbarakoa Labakak, txalo artean: “bilduz elkarren ondora, / ilbehera edo ilgora, / berriz saiatu aurretik hartu dezagun denbora.”
Epaileen erabakiz, bigarren postuan sailkatu da Ane Labaka, 552 punturekin. Burua estutuz, errimetan oso zorrotz eta ideietan argi aritu da bertsolari lasartearra. Beste finalaurrekoak jokatu arte zain egon beharko duen arren, bigarren aldiz Illunbeko finalean sartzeko aukera handiak ditu.
Kinka larriagoan geratu da Nerea Elustondo, hirugarren postuan. Legazpiarrak, ohikoak dituen ateraldi distiratsuak utzi dituen arren, azken unera arte sufritu beharko du finalean lekurik izango duen jakiteko. Asier Azpirozek ere ezin izan du duela 5 urteko arantza atera (zubietarra finaletik postu bakarrera geratu zen), eta aukera murritzak ditu orain. Lan aipagarria egin dute Oier Etxeberriak eta Eli Pagolak ere, poto banaren erruz azken bi postuetan sailkatu diren arren. Bi-biak, lehen aldiz aritu dira Gipuzkoako Txapelketako finalaurrekoetan, eta, txapelketatik agurtu arren, erakutsi dute plazan gertutik jarraitzeko moduko bertsolariak direla.
Bigarrena, Zarautzen
Lehen finalaurrekoa erabakita geratu ostean, bigarrena datorren igandean jokatuko da Zarauzko Aritzbatalde Udal Kiroldegian. Honakoa da oholtzara igoko den seikotea: Alaia Martin Etxebeste, Amaia Iturriotz Etxaniz, Aner Peritz Manterola Euzkitze, Eneko Araiztegi Agirre, Eneritz Artetxe Eizagirre eta Unai Mendizabal Jauregi. Saioko irabazleak zuzenean eskuratuko du finalean aritzeko eskubidea emango dion txartela. Aurkezle eta gai-jartzaile lanetan, Ion Zaldua Brit arituko da.
Bigarren finalaurrekoa arratsaldeko 17:00etan hasiko da eta sarrerak bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ahal izango dira, edo kiroldegiko txarteldegian saioaren egunean bertan, aurrez amaitzen ez badira.
Oiartzungo puntuazioa
1. Beñat Gaztelumendi……………560,5
2. Ane Labaka Mayoz……………...552
3. Nerea Elustondo…………………522,5
4. Asier Azpiroz Iztueta…………….475,5
5. Oier Etxeberria Zubimendi………468,5
6. Eli Pagola Apezetxea…………….449