Astearte honetan egin dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala aurkezteko prentsaurrekoa, ekitaldia jasoko duen Donostia Arenan bertan. Agerraldian izan dira larunbatean oholtzara igoko diren zortzi protagonistak: Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Ane Labaka, Nerea Elustondo, Eneritz Artetxe, Oihana Iguaran, Andoni Rekondo eta Aner Peritz Euzkitze.
Hedabideen aurrean, gogotsu eta larunbatean onena emateko gogoz agertu dira zortzi finalistak, bai beteranoenak, baita lehen aldiz sailkatu direnak ere. Zaleen artean ikusmin handia sortu du aurtengo Txapelketak eta txapelerako lehia irekia aurreikusten da.
Gaztelumendi txapelaren defentsan
Finalari begira jarrita, zalantzarik gabe, Beñat Gaztelumendirena da azpimarratu beharreko lehenengo izena, bera baita egungo Gipuzkoako txapelduna. Nabarmentzekoa da bere ibilbide distiratsua, 37 urteko añorgarrak lau final jokatu eta bi txapel baititu irabaziak. Aurkezpenean, Gaztelumendik loreak bota dizkie bere bosgarren finalean oholtzakide izango dituen bertsolariei: "Zortzikote ederra da; orain arte final batean gusturen egon naizen finalista taldea".
Berarekin batera, larunbateko finalera zuzenean sailkatzea lortu duten beste bi bertsolariak Alaia Martin eta Oihana Iguaran dira, bakoitza bere finalaurrekoan nagusituta. Alaia Martinek, hurrenez hurren, bere laugarren finala izango du larunbatekoa eta askok txapelerako hautagaitzat du oiartzuarra. Orain arteko ibilbidearekin asko gozatu duela aitortu du: "Aurten beste era bateko lanketa egin dut, zabalagoa, eta gogoa dut oholtzan ere beste era batera egoteko".
Oihana Iguaranek ere badu eskarmentua eta badaki zer den Gipuzkoako final batean kantatzea. Argi erakutsi du zer asmorekin helduko den bere hirugarren finalera: "Ilusioz eta gogotsu nator; nire onena emateko daukadala sentitzen baitut". Iguaranek ere taldearen aniztasunari egin dio erreferentzia, "tonu eta kolore paleta zabala" osatzen dutela adieraziz.
Lehenengoz, emakumeak gehiengo
Aurten, Gipuzkoako Txapelketen historian lehenengoz, emakumezko bertsolariak gehiengoa izango dira oholtzan. Besteren artean, Ane Labaka nabarmendu behar da, puntuazioz sailkatu direnen multzoan lehena. Lasartearrak saio bikaina osatu zuen Oiartzungo finalaurrekoan, Gaztelumendirengandik 8 puntu eskasera amaituz. Orain bost urtekoarekin alderatuta, larunbateko finalean "koxka bat gorago" egin nahi duela aitortu du Labakak.
Beste horrenbeste esan behar da Nerea Elustondori buruz. Legazpiarra "arrastoa uzteko gogoz" dator eta, "bere belaunaldiaren azken ordezkari» sentitzen den arren, bere bigarren finalean "ondo kokatuta egoteko desioz" dagoela aurreratu du.
Aurpegi berriak
Aurtengo Gipuzkoako finalak hiru aurpegi berri izango ditu: Eneritz Artetxe, Andoni Rekondo eta Aner Peritz Euzkitze, hirurak lehen aldiz sailkatuak. Eneritz Artetxe azkoitiarrak bere hirugarren saiakeran lortu du: "Duela urte t’erdi txapelketa prestatzen hasi ginenean, pentsatu ere ez nuen egingo hemen egotea, baina behin iritsita, bertsotan egin nahi dut".
Andoni Rekondo izan da aurtengo txapelketako ezustekorik gozoenetakoa. Plazetan kantari ohikoa dena baino geroago hasitakoa den arren, harrigarria izan da hernaniarrak txapelketan erakutsi duen aldartea eta joa, eta bukaera borobila eman nahi dio aurtengoari: "Egindakoarekin fruitu onak jaso ditut orain arte, baina larunbatean lana borobildu nahi dut".
Finaleko zortzikotetik gazteena Aner Peritz Euzkitze da. Finalean ozta-ozta sartzea lortuagatik, 22 urteko zarauztarrak oso gutxiren eskura dauden berezko estiloa eta baliabideak erakutsi ditu. "Espero baino urrutiago" iritsi dela onartu duen arren, finala baliatu nahi du "egiteko gauza den hori jendaurrean erakusteko".
Ikusmin handia
Finala 17:00etan hasiko da eta, Ane Ezenarrok eta Iker Iriartek egingo dituzte gai-emaile lanak. Finalaren lehen zatian, zortzi bertsolariek 16na bertso puntuagarri abestu beharko dituzte; lehen atala amaitutakoan, puntuazio altuena lortzen duten bi bertsolariak pasako dira buruz burukora; azken zatian, beste 10 bertso puntuagarri abestu beharko dituzte, epaileek txapelduna nor den erabaki aurretik.
Aurten, Arantzazu Loidik jantziko dio irabazleari txapela. Loidi aretxabaletarra, plazetan oholtzara igo ziren lehen emakume bertsolarietako bat da eta baita aurten 50 urte bete dituen Almen bertso eskolako kide izandakoa ere. Bertsozale Elkarteak modu honetan omenduko ditu Arantzazu Loidi eta Euskal Herriko lehen bertso eskola, sortu zeneko bere 50. urteurrenean.