Igande honetan Arrasateko Uarkape pilotalekuan jokatu den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoak ikusmin handia sortu du. Sarrera guztiak agortuta, 1.300 ikusleren aurrean, Oihana Iguaran izan da puntu gehien bildu dituen bertsolaria eta, ondorioz, zuzenean sailkatu da abenduaren 14an jokatuko den final handira. Ez da azken saiotik finalera jauzi egitea lortu duen bakarra, kiniela guztiak hankaz gora jarrita, Andoni Rekondo ere Illunben izango baita, gaur Arrasaten saio bikaina egin eta bigarren postuan sailkatu ostean. Txanponaren beste aurpegian, Maider Arregi geratu da; oñatiarrak finala hatz puntekin ukitu duen arren, sailkatzetik puntu bakarrera geratu baita.
Beraz, gaur sailkatu diren Iguaran eta Rekondorekin batera, honako bertsolariak osatuko dute Gipuzkoako Txapelketako finaleko zortzikoa: Beñat Gaztelumendi (egungo txapelduna), Alaia Martin, Ane Labaka Mayoz, Nerea Elustondo, Eneritz Artetxe eta Aner Peritz “Euzkitze”. Finala, abenduak 14an, Donostiako Illunben jokatuko da.
Saioa indartsu hasi da
Gauza jakina da txapelketetako azken finalaurrekoetan abestea lan nekeza izaten dela bertsolarientzat, finalerako txartelak banatzen diren eguna dela jakinda, tentsioa bikoizten baita. Kontuak kontu, lehen agurretik erakutsi du bere joa eta distira Oihana Iguaranek, oholtzak utziko dituela iragarri berri duen Benito Lertxundiren “Urrundik heldu naiz” abestian oinarritutako doinua ederra estreinatuz. Amasarrak doinu berean osatu ditu gaurko garaipena eta finalerako sailkapen zuzena ziurtatu dizkioten hiru bakarkako bertso dotoreak ere.
Sei bertsolariek oso fin ekin diote Arrasateko kanporaketari. Esaterako, zortziko handiko ariketatik hasi da nabarmentzen Oihana Iguaran, Iñigo Mantzizidor “Mantxi” lagun zuela. Maila handiko elkarrizketa osatu dute bien artean, X sare soziala utzi edo ez eztabaidatzen ari ziren hedabide bateko bi kazetariren rolean. Honela amaitu du lehen bertsoa Iguaranek: “guk egunkari nazional gisan / egiten dugu mesede / euskaraz nonahi / ta noranahiko / agertzea baita xede / gure hizkuntzak egon behar du / nahi ez dun tokitan ere”. Hurrengo ariketetan ere ondo eutsi dio mailari Iguaranek.
Hasieratik maila handia erakutsi du Andoni Rekondok ere. Azpimarratzekoa da bertsolari hernaniar honen kasua, plazetan berandu hasitakoa izan arren, abiada bizian egin baitu behetik gorako bidea. Gaur zortziko txikian egin du bere saiorik onenetakoa, honek ere “Mantxi” lagun zuela. Gogoangarria izan da ariketa. “Mantxi” postariak, gaur ere ez zaiola eskutitzik iritsi adierazi dio Rekondori, eta honek, entzuleek gogotik txalotu dituzten hiru ziri sartu dizkio bata bestearen atzetik. Puntukako ariketan ere bera izan da gehien nabarmendu den bertsolaria eta ordurako sumatzen zen finalean sartzeko hautagai sendoetako bat zela Andoni Rekondo.
Tentsioaren eragina sumatzen
Urduritasunak ere agertu dira, ordea, eta bigarren zatian antzeman dira saioko huts egite eta irristada gehienak. Oiartzun eta Zarauzko finalaurrekoek ez bezala, goitik beheranzko joera izan du Arrasatekoak.
Dena den, pare-parean iritsi dira sei bertsolariak ganbarako lanetara. Honakoa zuten gaia, binaka seiko motzean aritzeko: “Lankideak zarete; urte asko daramatzazue elkarrekin lanean. Azkenaldian, urduri joaten zarete”. Maider Arregiren baimenarekin, Oihana Iguaranen lana azpimarratu behar da. Eñaut Martikorenak eta biek, gero eta egoera okerragoan dabiltzan Osakidetzako bi medikuren ahotik kantatzea erabaki dute, eta honela itxi du ariketa Iguaranek, txalo zaparrada jasota: “Hola ulertzen da zaintza / maratoi baten dohaintza / ta aurrekontuak diseinatzean / eskari eskaintza. / Iada lehertu da ekaitza / da murrizketen emaitza / ta argi dago ospitalean / ez dagola gaitza”.
Lanak ondo bideratuta zituen ordurako Oihana Iguaranek. Bakarkako ariketan aski izan du akatsik egin gabe maila mantentzea saioko puntuaziorik onena lortzeko. Lehen postua bermatuta, Amasako bertsolariak lortu du zuzenean finalera sailkatzeko azken txartela, eta hirugarren aldiz ikusiko dugu Gipuzkoako Txapelketako final handi batean. Estreinako aldiz Illunbeko finalean ariko dena, Andoni Rekondo izango da. Hernaniarra bigarren postuan sailkatu da eta, bi punturen aldeagatik izan bada ere, txapelerako lehian sartu da parte hartu duen lehen Gipuzkoako Txapelketan.
Zalantzarik gabe, sailkapenaren ifrentzua Maider Arregirentzat izan da. Ariketa guztietan bere alea utzi eta txapela kentzeko moduko bakarkako ariketa osatu duen arren, final nagusitik puntu bakarrera geratu da bertsolari oñatiarra. Agin Laburuk ere kolpea hartu du gaur Arrasaten, eta 2019ko txapeldunordearen finaleko aulkiak beste jabe bat du dagoeneko.
Finaleko zortzikoa osatu da
Ondorioz, gaur sailkatu diren Iguaran eta Rekondorekin batera, honako bertsolariak osatuko dute Gipuzkoako Txapelketako finaleko zortzikoa: Beñat Gaztelumendi (egungo txapelduna), Alaia Martin, Ane Labaka Mayoz, Nerea Elustondo, Eneritz Artetxe eta Aner Peritz “Euzkitze”. Finala abenduaren 14an jokatuko da Donostiako Illunben, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Sarrerak dagoeneko salgai daude bertsosarrerak.eus atarian.
Arrasateko finalaurrekoa. Puntuazioa
1. Oihana Iguaran 519
2. Andoni Rekondo 513,5
3. Maider Arregi 511
4. Agin Laburu 499
5. Eñaut Martikorena 482
6. Iñigo Mantzizidor “MAntxi”” 478
Finalera sailkatuak
1. Beñat Gaztelumendi Arandia
2. Alaia Martin Etxebeste
3. Ane Labaka Mayoz
4. Nerea Elustondo Plazaola
5. Eneritz Artetxe Eizagirre
6. Oihana Iguaran Barandiaran
7. Andoni Rekondo Izagirre
8. Aner Peritz Manterola Euzkitze