rtebete igaro da MUBIL Gipuzkoako Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriko Zentroaren lehen egoitza fisikoak ateak zabaldu zituenetik Tolosako Usabal industrialdean. Urteurrenarekin batera, balantzea egiteko unea iritsi da eta ezin hobeagoa izan da. Izan ere, 50 enpresa baino gehiagorekin ari da jada elkarlanean MUBIL, eta aurten kopuru hori handitzea aurreikusten du.

Hori horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren magalean sortutako proiektuak "erritmo bikaina" hartu du. "Tolosako ziklo hau benetan emankorra izaten ari da. Gaur egun, Euskadin, erreferen-tziazko eragilea da MUBIL mugikortasun berriarekin lotutako guztian, eta Tolosako instalazio hauek funtsezkoak izan dira ekimenak abiadura har dezan", azpimarratu du Markel Olano diputatu nagusiak.

  • Lea más: Egoera Tolosaldea

Tolosako egoitza martxan jartzea mugarri bat izan da egitasmoaren hedapenean. Izan ere, industriak eta ikerketa zentroek lankide-tza gune bat aurkitzen dute bertan, beren produktuak eta zerbitzuak garatzeko eta berrikuntza sortzeko, beste eragile batzuekin lankidetzan eta haiekin esperimentatuz.

Laborategi aurreratua

MUBILen egungo instalazioek 2.300 metro koadro inguru dituzte. Instalazioen muina energia biltegiratzeko laborategi aurreratua da, zeinak 1.800 metro koadro inguru baititu. CIDETECek kudeatzen du laborategia, eta Europa mailan punta-puntakoa den ekipamenduaz hornituta dago. Azken urtean, hamalau enpresek (horietako batzuk nazioartekoak) energia biltegiratzearen inguruko saiakuntzak, testak eta ikerketak egin ahal izan dituzte bertan. Beste hogei enpresa interesatuta agertu dira, eta dagoeneko hiru konprometitu dira.

Era berean, MUBILeko taldeak dinamikak izan ditu azken urtean Gipuzkoako 40 enpresa baino gehiagorekin. Dinamika horien barruan lan-saioak egin dira, hiru helbururekin: garraioari, automobilgintzari eta mugikortasunari lotutako industria mugikortasun elektriko, konektatu, partekatu eta autonomorantz bideratzea; bikaintasuna eta kalitatea bultzatzea; eta lankidetza sustatzea, aukera berriak sortzeko eta Gipuzkoako eta Euskadiko industria dibertsifikatu eta indartzeko.

Mugikortasun berriari lotutako ekintzaile-tzarako babes ekonomikoa eta laguntza ematea da zentroaren beste lan-ildoetako bat. Horri dagokionez, aipatzekoa da Mubil Mobility Awards sarien lehen edizioa, zeinetan Ecomagnet eta Wattson start up-ak irabazle suertatu baitziren.Uneotan, bigarren edizioa dauka eskuartean, udazkenean ospatuko dena.

Era berean, apirilaren 27an eta 28an, GO MOBILITY by MUBIL elkargunearen hirugarren edizioa egingo da Ficoban Mugikortasun jasangarriaren oraina eta etorkizuna lemapean. Mugikortasun jasangarriaren ekosistemaren Europako hegoaldeko topagune profesionala da eta honako edizioan 100 enpresek hartuko dute parte, 2020ean baino %22 gehiago.

Sustatzaileen iritziz, datu hauek guztiek erakusten dute MUBIL "errealitate finkatua" dela, eta Tolosako egoitza abian jartzea "mugarri bat izan dela bere hedapenean". "Erreferentziazko eragile bat da, Gipuzkoako eta Euskadiko industriaren eta ikerketa zentroen zerbitzura dagoena. Izan ere, industriak eta ikerketa zentroek lankidetza gune bat aurkitzen dute hemen, beren produktuak eta zerbitzuak garatzeko eta berrikuntza sortzeko, beste eragile batzuekin lankidetzan eta haiekin esperimentatuz. Erakundeetatik eskaini dezakegun balio erantsia, kuantitatibotik harago, hainbat eragile elkarrekin harremanetan jartzea da, proiektu kolektibo eraldatzaileak abian jartzeko, bereziki gure etorkizunerako ardatz izango diren sektore ekonomikoetan. MUBIL funtsezkoa da ildo horretan", esan du Olanok.