- Treba Gurasoak programan hartzen du parte Pasaiako Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza ekimen berria da eta gurasoak hezkuntza gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu.

Programa honen bitartez, gurasoei haurren eta nerabeen heziketa-prozesuan lagunduko dieten gaiei buruzko hainbat hitzaldi eta tailer antolatu dira lurraldeko udalerrietan. Pasaiako kasuan, hiru hitzaldi eskainiko dira.

Lehenengoa gaur bertan izango da Donibaneko kulturgunean, Hezkidetza, haurtzaroa eta nerabezaroa. Nola landu etxean? izenburupean. Martxoaren 23an, Trintxerpeko alkateordetzan ¿Cómo tratar en casa la coeducación en la infancia y la adolescencia? saioa eskainiko da gazteleraz eta hamaika urtetik gorako gurasoei zuzenduta dago. Amai-tzeko, martxoaren 29an, Antxoko kultur etxean Guraso-banaketa osasuntsu baten alde arituko dira. Saio guztiak 17.00etan hasiko dira.

Izen-ematea lehenbailehen pasaia.eus helbidean aurki daitekeen formulario bat betez egin daiteke.

Foru Aldunditik azaldu dutenez, haur eta nerabeen heziketa-prozesuan, guraso guztiek behar dute momenturen batean laguntza, guraso bezala dituzten funtzioak era egokian garatzeko. Gurasoei laguntza hori eskaintzeko asmoz, Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak gurasotasun positiboan oinarritutako eskaintza pedagogiko hau osatu du.