A-636ko bidesarien aurkako manifestazioa egingo dute gaur
Hiru garraiolarien sindikatuak eta bidesarien aurkako plataformak deituta, A-636 errepideko bidesarien aurkako manifestazioa egingo dute Urretxu eta Zumarragan gaur 11.00etan. Asteazkenean prentsaurrekoa egin zuten, herritarrei manifestazioan parte hartzea gonbidatzeko.
Hiruko ordezkariak Aldundiak garraiolariak zigortzen dituela salatu zuten. A-636an gidari guztiek ordainduko dute, baina garraiolariek gehiago. “Bikoitza ordainduko dute, autoekin alderatuta:? 5 auto kamioiek eta 2,53 autoek. Eta ez dute ibilbide alternatibo bat erabiltzeko aukerarik izango, Deskarga mendateko errepide zaharretik zirkulatzea debekatuta baitute kamioiek. Betikoa, garraiolariak gizartearentzat ezinbestekoak direla diote agintariek, behar beharrezkoa den lana egiten dutela, baina ez dituzte babesten. Beste karga bat gehitzen zaie, bidesaria, jakina denean bezeroei tarifak igotzeko zailtasun handiak dituztela”.
Plataformako kideek ere Aldundiaren jarrera salatu zuten. “Bidesarien helburua Bidegiren zorra ordaintzea da eta bederatzi bankuk inposatu diote Bidegiri mailegua ematearen truke, Europak inposatu duela gezurra da, zor hori Urola Garaiko, Goierriko eta Debagoienako langileok eta ikasleok ordainduko dugu, gure alkateek bidesaria babestu dute eta errepide zaharrak igarotzen dituen herriak kaltetuko ditu”.