Usurbil 1936-ek eta Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute datozen hiru urteetarako, urtebetez luzatzeko aukerarekin. Hitzarmenaren bidez, batetik, Udalak Ar-tzabalen duen lokala utziko dio elkarteari lanean jarrai dezan, eta urtez urte bere jarduna gara dezan bideratuko duen diru kopurua ere zehaztu du: 36.000 euro 2021ean eta 30.000 euro 2022an zein 2023an. "Memoriari eta etorkizunari begira egiten dugun inbertsioa da", nabarmendu zuen agerraldian Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak.

Sinadura ekitaldian Ion Martinek eta Aitor Azurkik parte hartu zuten, elkarteko lehendakari eta sustatzaile gisa, hurrenez hurren. Gogorarazi zutenez, elkartearen helburuak oroimen historikoa berreskuratzea; Usurbilen 1936ko gerratik hona egia, aitortza eta erreparazioa sustatzea; gerrak eta gerraostekoak ekarritako errelatoa sortzea; eta egindako lanketa guztiak gizarteratzea dira.

Hartan eta helburu horiek erdiesteko, hainbat lan aurreikusi dituzte. Elkarteko kideen esanetan, ikerketa fasea amaitzear dira: artxiboetara egin beharreko azken bisita batzuk baino ez zaizkie falta. Testigantzak jasotzeko elkarrizketak ere amai-tzeko bidean dira.

Hurrengo erronka nagusia gudalekuen berreskurapena izango da: gudalekuak identifikatu, indusketak egin, garbitu, txosten arkeologikoak egin eta, horrez gain, bisita gidatuak antolatu eta panelak jarri asmo dute.

Lan horiek guztiak, hain zuzen, 2022an egin nahi dituzte, eta orain artekoa baino jende gehiagoren laguntza beharko dutela nabarmendu zuten: "Dagoeneko baditugu arkeologoak eta talde tekniko bat, baina, orain, ahalik eta herritar gehienen laguntza behar dugu". "Asko hurbildu zaizkigu esanez historiaz ezer jakin ez arren, lagundu nahi dutela, eta orain da momentua", azpimarratu zuten. Herritarrei dei egin zieten, beraz, eurekin harremanetan jartzera, elkartearen helbide elektronikoan (usurbil1936@gmail.com).

2022rako, gainera, hainbat ekitaldi iragarri zituzten. Izan ere, fusilatuen izen-abizenekin batera, guda-lekuak ere gogora daitezen nahi dute: "Oraingoz, lau gune identifikatu ditugu, eta ekitaldi bana egingo dugu; xumeak, baina ederrak izango dira". Webgune bat ere martxan jar-tzekoak dira, jasotako informazio guztia ezagutarazteko, batetik, eta beraiek azken bi urteotako jardunean sortutako materiala ere bertan jarriko dute.

2022an gudalekuen berreskurapenean murgilduko dira eta herritarren laguntza beharko dutela aurreratu dute