zarautz - Amaia Oñederra Zarauzko Monte Albertia Lanbide Heziketako zentroko zuzendaria izandakoa da. Egun, bertako irakaslea izateaz gain, ikasleen zein irakasleen mugikortasun programaz (Erasmus+) arduratzen da. Orain arte, trukea egitera ikasleak tutore batzuekin iristen baziren ere, aste honetan lehenengo aldiz, eskola-emaileak bakarrik etorri dira Zarautz ezagutzera. Atzo, Xabier Txurruka alkateak eta Irune Urbieta hezkuntza zinegotziak, harrera egin zieten udaletxean.

Urte asko zoazte Erasmus+ programa bultzatzen, baina lehenengo aldia da irakasleak soilik etor-tzen direna...

-Bai, hala da. 2015-2016 ikasturtetik elkarlanean ari gara beste herrialdeetako ikastetxeekin. Orain arte, ekaina aldera etortzen ziren hamar ikasle inguru beraien tutore eta guzti Zarautzera. Baina aurten, lehenengo aldiz, Narbonako (Frantzia) Henry Martin ikastetxeko zuzendaritza taldea eta irakasle batzuk etorri dira beka bat lortuta. Oso esperientzia aberasgarria ari da izaten. Pasa den ostiralean iritsi ziren Euskal Herrira eta gaur, izango dute azken eguna. Bilera batzuekin amaituko dugu egonaldia eta datorren urteari begira jarriko gara.

Irakasleez gain, Henry Martin ikastetxeko ikasleak ere etorriko dira ordea...

-Bai, betiko egunetan iritsiko dira Narbonako ikasleak. Dualaren sistema nahiko berria da guretzat, baina Frantzian aspalditik partekatzen dituzte ikasketak eta lana. Bertan, lanean ari diren enpresak bi astetako oporrak ematen dizkiete eta egun horiek aprobetxatzen dituzte gurera etortzeko. Hona iristen direnean, Zarauzko enpresa ezberdinetan jar-tzen ditugu, Euskal Herriko lan egiteko modua ere ikas dezaten. Horrez gain, hainbat txango egiten ditugu beraiekin.

Aurtengo beste berrikuntzetako bat eskaintza zabaltzearena izango da, ezta?

-Bai, hala da. Hasiera batean, Narbonako ikastetxea eta Monte Albertiaren arteko hitzarmena bazen ere, aurten eremua zabaldu egingo da. Beraien eskolan, estetika eta ileapainketa ikasketak eskaintzeaz gain, beste bi modalitate gehiago dituzte: sukaldaritza eta mekanika. Hori kontuan hartuta, aurten Karlos Arguiñanoren Aiala eskolarekin eta Errenteriako Don Bosco zentroarekin jarri dira harremanetan.

Beraz, aurten ikasle gehiago aurreikusten dituzue?

-Bai, ez dakit zehazki zenbat izango diren, baina urtero bezala, Zarautzera etortzen direnak Txiki Polit pentsioan hartuko dute ostatu.

Eta, Zarauzko ikasleak ere joango dira atzerrira ala?

-Bai, hogei beka ditugu guztira. Monte Albertiako erdi mailako ikasleak, Malta eta Oportora joango dira. Goi-maila ikasketak egiten ari direnak, berriz, Polonia eta Estoniara bidaia-tzeko aukera izango dute. Gure kasuan, hilabete bateko esperientzia bizitzera joango dira.

Frantziara, orduan, ez da inor animatu?

-Ez, nahiz eta Frantziako muga oso gertu izan, azken urte hauetan ikasleak ingelera praktikatzen den lekuetara joateko eskaerak egiten dituzte, batik bat. Guk garai batean frantsesa ikasten genuen bezala, orain ingelerari garrantzia handiagoa ematen zaio ikastetxeetan. Hala eta guztiz ere, ez dugu erlazioa galdu nahi Frantziarekin, oso harreman ona baitaukagu.

Herri bat. Zarautz eta bigarrena, Getaria.

Mendi bat. Zarauztarroi asko gustatzen zaigu Pagoeta mendia. Niri gaztetako oroitzapenak ekartzen dizkit.

Hondartza bat. Bertan daukagu hondartzarik politena.

Paisaia bat. Mollarri ingurua esango nuke.

Txoko bat. Ez dakit txokoa den baina Zarautz eta Getaria bitartean daukagun pasealekua asko gustatzen zait.

Festa bat. Euskal Jaiak.

Jaki bat. Erreboiloa.