HOndarribia -Fermin Olaskoaga ikertzailea eta idazlea da. Arsu, Berrotaran eta Justiz abizen hondarribiarren leinu osoak, beste batzuen artean, ikusgai daude Hondarribiako udal webgunean Fermin Olaskoagak burutu duen ikerketa bati esker. Olaskoagak kontatzen duenez, orain dela 40 urte hasi zuen prozesu baten emaitza da lan hau.

Noiz eta zergatik erabaki zenuen ikerketa munduan hasi nahi zenuela?

-Ni, berez, ez naiz ikertzailea. Urte askoz informatikoa izan nintzen Kutxan, eta lanaldi jarraitua neukan. Egunetan zehar ordu libre asko nituen eta proiektu pertsonal bat garatzen asi nintzen: nire familiaren genealogia osatzen hasi nintzen. Lan hura pixkanaka-pixkanaka zabaltzen joan zen eta beste familia desberdinen genealogiak egiten hasi nintzen baita ere.

Orain argitaratu dena lan hartako jarraipena da?

-Ez, antzekoak dira, baina prozesuaren garapena kontrakoa da. Zuhaitz genealogikoak “behetik gora” egiten dira, azken ondorengoak dira abiapuntua eta arbasoak bilatzea da erronka nagusia. Leinuak, berriz, “goitik behera” osatzen dira: abiapuntua dokumentu historikoetan agertzen den lehen arbasoa da eta, hortikan, belaunadiz belaunaldi gaur egun arte iristea da lana.

Ikerketaren prozesuari dagokionez, ze desberdintasunak daude genealogien eta leinuen artean?

-Genealogiak lantzea zailagoa da, orokorrean. Ikerketa katea haustea nahiko erraza da, arbaso batek, adibidez, dokumentaziorik ez zuelako edo urteekin galdu egin delako. Leinuetan pertsona gehiago agertzen dira.

Nondik hasi zinen Hondarribiako leinuen ikerketa burutzeko?

-Hondarribiako parrokiako artxibategian eman nituen lehenengo pausoak, informazioa biltzen. Datu zaharrenak elizan daude: erregistro zibilaren lehengo dokumentuak 1871koak dira, eta elizakoak 1540ko hamarkadan hasten dira. Hirurehun urte hoietako informazioa, nahitanahiez, parrokiako artxibategik hartu izan behar ditut. Gero, Hondarribiako eta Irungo udal artxibategiak erabili nituen, eta, ondoren, Tolosako Gipuzkoako Lurralde Historikoaren artxiboa eta Oñatiko Gipuzkoako Protokoloen artxiboa.

Zer motatako dokumentuak dira baliagarriak honelako ikerketa bat egiterakoan?

-Joitza-agiriak, ezkontza-agiriak, heriotza-agiriak, batailuak, auziak, erroldak... Denetarik.

Horien guztien artean, zeintzuk izan ziren irizpideak ikertu behar zenituen abizenak erabakitzeko?

-Irizpide desberdin asko erabili ditut. Lehenik eta behin, Hondarribiako jatorrizko abizenak ikertu ditut, bertako oinetxeetan jatorria dutenak edo bertan sortutakoak, adibidez, Berrotaran edo Fuenterrabia abizenak. Bestalde, bertakoak ez direnak baina, zenbait arrazoiengatik, hirian oso integratuak daudenak landu ditut; Zuloaga eta Casadevante familiak oinetxeak zituzten Hondarribian, Sagarzazu eta Elduayen familiak odolezko noblezia frogatu zuten hirian eta, esate baterako, González eta Ortiz abizen gaztelaniarrak 200 urtetik gora daramate Hondarribian.

Orain beste proiektu bat garatzen zabiltza, Hondarribiako kaleen izenei buruzkoa. Nola dijoa?

-Nahiko ondo. Liburu bat izango da eta lehenengo zirriborroa ia bukatua daukagu. Asmoa urte amaiera baino lehenago argitaratzea da.

Hondartza bat. Ondarretakoa. Orain harri asko daude, baina ni joaten nintzenean oso ondo zegoen.

Mendi bat. Jaizkibel, neguan goizero joan ohi nintzen, lagun batekin.

Paisaia bat. Txingudiko badia Higerreko bidetik.

Festa bat. Santiago egunean Hondarribian ospatzen den Kutxa Entrega. Batez ere, arrantzaleen kofradiako liburuetan festa nola sortu zen ezagutu nuelako.

Txoko gustokoena. Hondarribia, noski.

G

ipuzkoatzen