Zerbait ulertzen baduzu, prest zaude Gipuzkoa Arigunerako, euskaraz aritzeko “gune seguruak” aktibatu nahi dituen ekimenerako. Fase esperimentalean dago oraindik, baina gonbidapenak hizkuntza ulertzen ez dutenei ere luzatu zaizkie. Baina horiei guztiei euskaldunok eman behar diegu aukera euskaraz trebatzeko. “Pauso automatikoa” behar du izan, egunero: “Lehenengo erretorika, kaixo egun on, kafe bat, eta hortik aurrera etorriko da etorri beharrekoa”, dio Mikel Ozaitak, Gipuzkoa Arigune proiektuaren koordinatzaileak.

Gipuzkoa Arigunek gu guztiok pilak jartzea du helburu; bakoitzak ahal duen neurrian. “Ulermena zein erabilera jomugan, hiztun bakoitzak urrats bat egitea”, alegia: “Euskara gutxienez ulertzera iristeko beharra eta gogoa sorrarazi; jarrera eta praktika linguistiko berriak aktibarazi. Nola iritsiko da erraztasunik ez duena eroso aritzera, inoiz, inork euskaraz egiten ez badio?”.

Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Soziolinguistika Klusterrak eta Badalab laborategiak batera abiatu dute Gipuzkoa Arigune eta hiru herri aukeratu dituzte hori guztia “sutan jartzeko”: Añorga (Donostiako auzoa), Antzuola eta Aia

Zergatik horiek? Proiektuaren koordinatzaileak, Mikel Ozaitak, azaldu duenez, “esperimentatzeko toki seguruak” izan behar ziren lehenik, herri euskaldunak; eskualde desberdinetakoak gainera eta herri biziak behar zuten izan: “Gutxienez oinarrizko zerbitzu batzuk egotea eta, tartean, eskola egotea”.

Antzuolako hiru enpresa historikok jadanik planteatu dute Enpresa Arigune esperientzia abiatzea; metodologia lantzen ari dira

Hori guztia irizpide hartuta, “hautatuak izan dira Añorga, Donostiako auzoa eta oso bizitza potentea daukana; Aia, landa eremuko herria bezala, Urola Kostakoa; eta Antzuola, industrialagoa eta baita ere bertako enpresa eta kooperatiba batzuk euskara planetan aitzindari izandakoak. Horregatik aukeratu genituen hiru herri horiek”, azaldu du Ozaitak.

Baina zer eska dakiokegu oraindik hain etereoa den proiektu bati? Eztabaidan murgiltzeko, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Zentroan bildu ditugu Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntz Berdintasunerako zuzendaria, Garbiñe Mendizabal; Jasone Mendizabal, Taupako koordinatzailea; eta Mikel Ozaita, Gipuzkoa Arigune proiektuaren koordinatzailea.

Ametsa, egi

Ekimenaren oinarrian amets bat dago. Eta horren inguruan, Jasone Mendizabalek hitz egin digu lehenik: “Nik irudikatzen dut etorkizun bat non Gipuzkoan euskaraz edonorekin, edozein momentutan jardutea erosoa eta ohikoa izango den eta horretarako baldintzak ematen diren. Eta denborak erakutsiko digu hori noiz izango den posible”, esan du Taupako koordinatzaileak: “Paradigma soziolinguistiko berri horren erdigunean erabilera jartzen dugu. Ezagutza, jakina, behar dugu erabilera eman dadin, baina euskaldun osoa edota hiztun osoa izatea ez da beharrezko euskarazko elkarrizketa bat eman dadin”.

 “Datu soziolinguistiko onenak dauzkagu Gipuzkoan” eta horrek ardura gehiago ere badakar, Garbiñe Mendizabalen ustez. “Guk ez badugu egiten, ez dakit zenbateraino besteek animatuko liratekeen; behintzat guk badaukagu oinarri oso sendoa” eta horri “ilusioa gehituz, “abiatu gara”: “Uste genuen eskolan ezagutzarekin nahikoa zela, baina konturatu gara erabilera espazioak falta zaizkigula”, azaldu du lurraldeko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak.

Añorgako egin zen aurkezpenean 100 lagun bildu ziren eta hortik atera ziren talde eragileak: “Inplikazioa handia da”

Jasone bat dator berarekin: “Guk ulertzen dugu ezagutza eta erabilera elkar lotuta doazela, ezin ditugula banandu; ametsa borobila izango litzake Euskal Herrian, Gipuzkoan, kasu honetan, jende guztiak euskara ezagutuko balu, baina tarteko urratsa izango litzake guztiok ulertzeko gai izatea eta batzuk erabiltzeko ahaldunduta egotea. Eta horretan ere lan egingo da Gipuzkoa Arigunen, euskararen erabilera areagotzeko; beti ere, jakinda espazio erosoa badaukala. Horretarako, ezinbesteko gutxieneko baldintza da guztiok ulertzen dutela jakitea”.

“Euskalduntze alfabetatzeak bere emaitza onak eman ditu 40 urte hauetan, eta hau izango litzateke hasiera bat: euskarara hurbildu ez den horri, amua jartzea, babesa ematea, hizkuntzaren ezagupidean jarrai dezan.

Baina ez da bakarrik ez dakitenekin”, azaldu du Garbiñe Mendizabalek. Eusle papera ere “oso inportantea” izango da, dio Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak. “Gure herriaren historiagatik, euskaldunok askotan atzera gelditu gara gure hizkuntza erabiltzeko garaian eta pedagogia pixka bat egin behar dugu lehenengo hitza euskaraz egiteko. Hori naturalizatzeko, horrek ematen baitio aukera parean dagoenari”. Gipuzkoa Arigunek hori bultzatu nahi du.

“Hau da hasiera bat: Euskarara hurbildu ez den horri, amua jartzea, babesa ematea”

Garbiñe Menzabal - Hizkuntza Berdintasunerako Foru zuzendaria

“Zenbat herritarrek egin duten ahalegina euskara ikasteko eta bidean gelditu dira! Guk eskaini ahal diegun gauzarik onena da euskaraz jardutea beraiekin. Batzuetan euskaldunok beldurra daukagu, parean daukagunak ulertuko ote gaituen, eta errespetuagatik ez diogu egingo, baina akaso kontrakoa da eta kalte eragiten diogu, ez diogulako aukerarik ematen euskara berea ere izan dadin”, gehitu du Jasonek.

120 ordu “ulermena lantzen”

Soziolinguistika Klusterrak mahai gainean jarri duen Aldahitz metodologia gauzatuko da proiektu honetan. “Ulermena lantzea” da lehenego urratsa: 120 ordutan B1 mailako ulermena lortzea; bestetik, hiztun horri ibilbide bat proposatu nahi zaio; eta bigarren pausoa izan daiteke Ulerrizketa metodologia, hau da, euskaraz ulertzeko gai dena eta euskaldun osoa euskaraz aritzen elkarrekin jartzea; eta hirugarren metodoa izango litzateke Euskaraldiak dabiltzan Ahobizi eta Belarriprest dinamikak modu sendoan eta iraunkorraean bultzatzea”, azaldu du Ozaitak.

“Proiektu honek ikuspegi komunitario bat aintzat hartzen du eta nahi ditugu interpelatu herritar guztiak. Euskaraldia baldin bada euskara gutxienez ezagutzen eta ulertzen duen jendearentzat, hemen planteatzen duguna da herritar guztiei interpelatzea, batez ere 16 urtetik gorakoak”, azaldu du Ozaitak. 

“Jende horrengana normalean ez gara iristen, baina oraingoan iritsi ginen”, dio Garbiñe Mendizabalek. Horregatik hasi dira herri txikietatik. Ez baitago non ezkutatu. 

Gipuzkoa arigunea Ruben Plaza

“Hortik ikaspenak jaso eta, dena ondo bidean, bestelako ezaugarriak dituzten herrietara joango ginateke. Bigarren esperimentazio bat izango litzateke”, adierazi du Mikel Ozaitak. Gipuzkoa Ariguneren hastapen honetan “inplikazio handia” antzeman duela azpimarratu du: Añorgan 100 lagun bildu ziren aurkezpenean eta handik atera ziren lanerako talde eragileak; eta azterketa komunitarioa egin ostean, ekintza plana zehaztu da.

Neurrira egindako trajeak

Herri bakoitzak, eremu bakoitzak, bere traje propioa behar duela antzeman dute jadanik eta horrek herri bakoi-tzean estrategia desberdinduak garatzera eraman gaitzake: “Antzuolan balio duena akaso Aian ez du balio. Diferentzia herritarrek egiten dute”, esan du Garbiñe Mendizabalek. 

Euskaldun hiztun osoa izatea ez da beharrezko euskarazko elkarrizketa bat eman dadin”

Jasone Mendizabal - Taupako koordinatzailea

Baina antzekotasunak ere identifikatu dituzte: “Orain gabiltza ulermen mapak egiten elkarteetan, eta identifikatu dugu, adibidez, kirol elkarteak, ulermen aldetik nahiko euskaldunak direla; aldiz, eskoletako guraso elkarteetan, gizartearen aniztasun guztia hor txertatuta dago. Gero konturatu gara elkarteek, adibidez, zailtasuna daukatela hizkuntzaren kudeaketa eta komunikazioa modu adostuan egiteko. Bestalde, ulermenari begira Ulersaioak antolatzeko asmoa daukagu; eta Eusle dinamika antolatzeko asmoa dago”, esan du Ozaitak.

“Ulermen mapak egiten identifikatu dugu kirol elkarteak ulermen aldetik nahiko euskaldunak direla”

Mikel Ozaita - Gipuzkoa Arigune proiektuaren koordinatzailea

“Kontua da, zuk herria konboka-tzen duzunean, berehala gaietaz hizketan hasten zarela. Eta hizkuntza ez dakiten asko, ba edozein arrazoiengatik minduta ere egon daitezkeela pasa dugun historiagatik; eta horiek ere ekarri nahi ditugula hontara, ze askotan amorrugatik akaso ez dute egiten edo ideologiagatik; eta horien errespetua lortuko bagenu edo ulertarazi zer den Gipuzkoa Arigune, pauso bat izango litzateke bizikidetzarako ere bai. Komunitatea osatzeko”, azaldu du Garbiñe Mendizabalek.

Etorkizuneko etorkin euskaldunak

“Kanpotik datozenei ere mezu potentea bidaltzen zaio: hemen ere hizkuntza bat dagoela”, azpimarratu du foru zuzendariak. Gainera, Mendizabalen ustez, kanpotik etortzen diren ume hauei edo bertan jaiotako hauei “etorkizun hobea emango diegu bi hizkuntzak erakusten badizkiogu”. Euskara, ongizaterako tresna.

Ozaitaren ustez, etorkinei “harrera plan bat egin beharra dago; 2050erako Gipuzkoan 50 urtetik azpikoak, gehien-gehienak euskaldunak izango dira, eskolatik pasatakoak eta D Eredua orokortua dago; horiei guztiei euskaraz ikasteko eta ulertzeko bitartekoak eskaintzen daukagu erronka nagusietakoa.“Saiatu behar gara euskaldunak izan daitezen, kontzientzia izan dezaten eta beraien artean euskaraz komunika daitezen. Esfortzu gehiago horiei bideratu behar diegu euskara gehiago emateko. Gizarte bezala aukerak eman behar dizkiegu, saltoa egin dezaten”. 

B1 maila ulertzea

Hiru metodologia daude: “Ulersaioa da probatzen ari garena: 120 orduko B1 maila ulertzeko, baina ez da euskaltegi normaleko ikastaro bat. Kanpotik datorren jendea ezin duzu bi ordu egunero euskaltegira eraman. Eta frogatzen ari gara 120 orduko ikastaroarekin; batzuk akaso ez dute lortu nahi genuen maila, baina gutxienez gerturatu dira gure kulturara”, dio Garbiñek: “Proboka ditzakegu hemen urte asko daramatenak eta euskara ez dakitenak, ikusten badute etorri berriek badakitela edo ari direla”. 

Eta emaitzak hobeak izan daitezke “gauzak elkarrekin egiten ditugunean”, gehitu du Jasonek, etorri berriek ez baitute euskararekiko aurreiritzirik.

Baina, noiz egongo da helduta toki handietara joateko? Mikel Ozaita zuhur ageri da: “Ikusiko dugu. Gipuzkoa Ariguneko esperimentazio fasean bizpahiru urte esaten dugu. Hortik espero dugu ikastea; eta bigarren fase batera zabaltzeko, beste herri batzuetara joateko, aztertu behar dugu egoera; bai zenbateko baliabideak behar den eraldaketa emateko. Landa eremu handietagoetara, zabalagoetara joateko tentazioa ikusten dugu, baino pausoz pausu joan behar dugu”.

Lan mundua

Gipuzkoa Arigune garatzen ari den hiru herri hauetaz aparte badaude gero esperientzia pilotu batzuk. Adibidez, Errenteriako eskola publikoan gurasoekin Badalabek antolatu dituen ulersaioak azpimarratu dituzte. 

Horrez gain, “Antzuolan badaude 3 edo 4 enpresa historia handia daukatenak eta euskara planak egin dituztenak, eta etorri zitzaigun proposamena: herrian Antzuola Arigune sortzen ari bada, zergatik ez enpresa bat o besteak ere sartu eta erkatu bi proiektuak? Eta egin genuen bilera Matz Erreka, Elay eta Goizper enpresekin eta Enpresa Arigune izatera iristeko metodologia abiatzen ari gara orain. Eta hori ondo ateratzen bada, esporta dezakegu beste enpresetara. Kontzien-tzia sortu eta esparru gehiagora zabaldu”, esan du Ozaitak.

“Herri mailan egin diren bileretan, ikusten dute beharra zerbait egiteko eta uste dugu gazteek egingo dutela euskara lan munduan inportantzia ematen bazaio. Ze denak euskaraz ikasi baldin badute eskolan, unibertsitatean, eta lantokira joaten badira, eta han euskaraz lan egiten baldin bada, ez dago tranpa egin beharrik. Eremu sozioekonomikoa da giltzarria. Baina Euskara departamentutik ez dugu ezer lortuko. Ekonomia sustapenetik eraiki nahian gabiltza”, esan du Mendizabal foru zuzendariak.