Zarautz - Zarauzko Udalak urtero antolatzen duen Lizardi Sarian Leire Bilbao Barruetabeña (Ondarroa, 1978) gailendu da aurtengo XXXV. edizioan Pikondoaren balada izeneko lanarekin. Hamahiru lan aurkeztu dira aurtengo lehiaketara, eta Leire Bilbaoren lana nabarmendu du Yolanda Arrietak, Alexander Gurrutxagak, Miren Agur Meabek eta Nerea Arrienek osatutako epaimahaiak.
Leire Bilbao 3.700 euro jasoko ditu sari gisa eta bere lana argitaratu egingo da. Ohi bezala, saritutako lanaren 2.500 ale argitarauko ditu Zarauzko Udaleko Kultura Sailak, herriko ikastetxeetako ikasleen artean doan banatzeko. Argitalpena sari banaketa egunean kaleratuko da, 2017ko apirilean, hain zuzen ere.
“Ez zela jaitsiko pikondotik”: horixe aldarrikatzen du ipuinaren hasieran Martinaren osabak, eta jarrera horren inguruan ardaztuz joango da aurrerantzean Pikondoaren balada ipuina. Martina neskatoak euren etxeko giroaren berri ematen du, eta batez ere, kontatuko du nola aldatzen den etxekoen egoera gerra hotsa iristearekin batera. Aitaren eta osabaren arteko dikotomiaren bidez, eta batez ere, osabaren pertsonaiaren bidez, ikustarazten da bakearen aldeko apustuak zer zailtasun dakartzan berarekin.
Ipuinak modu sotilean uztartzen ditu errealitatea eta fantasia, eta estilo zaindu eta dotorean idatzitako ipuina da adierazi dutenez, ahozkoaren eragin aipagarriarekin. Azkenik, gazte literatura izanik ere, mugak lausotzen dituen lana da antolatzaileen arabera, eta helduentzat ere erakargarria da, birtute literarioengatik baita bestelako gai eta baioak jorratzeko ematen duen aukeragatik ere. - A.R.