Zumaia - San Silbestre egunean ohi den bezala, urteari agur esateko lasterketak izango dira bihar Urola Kostako txoko gehienetan. Zumaian, Aizarnazabalen, Getarian eta Orion lasterketak goizean izango dira, eta arratsaldean, berriz, Zarautzen, Zestoan eta Aian.
Zumaian Biko Lasterketaren zazpigarren edizioa izango da, eta lasterketa berezi honetan, haurrek binaka egin beharko dute korrika, eta helduek, aldiz, banaka, binaka, korrika edo patinetan egiteko aukera izango dute. Hala, lau lasterketa izango dira mailaren arabera: aurrebenjaminak (12.00), benjaminak (12.05), alebinak (12.15), infantilak (12.15) eta helduak (12.30). Parte-har-tzaileek txistorra eta saldaz gozatu ahal zango dute lasterketaren amaieran, eta ondoren sariak banatuko dira. Aurten sari potoloak izango dira: kirolerako materiala, 22 pulgadako telebista eta Smartwach Mykronoz erlojua. Zozketa 13.30ean izango da Beheko plazan, eta haur guztiek ere domina bana jasoko dute. Ekitaldia, urtero bezala, Zumaiako kirol elkarteak, Udalak eta Merkataritza eta Ostalaritza elkarteak antolatu dute elkarlanean. Ekitaldi berean, Biko lasterketaren sariak banatzeaz gain, Erakuslehio Lehiaketaren sariak ere banatuko dira, lasterketaren sari-banaketaren ondoren. Erakuslehio bozkatuenarentzako saria 28 pulgadako telebista bat izango da, eta botoa eman dutenen artean, Samsung TABE 9.6 tableta zozkatuko da.
Herriz herri Aizarnazabalgo lasterketaren bigarren edizioa eguerdi aldera izango da eta Getariako 12.00etan hasiko da eliza paretik. Lasterketa honetan ere kategoria ezberdinak izango dira (benjamin aurrekoak, benjaminak, alebinak, infantil-kadete eta helduak) eta mozorro xelebreena duen korrikalariak saria eskuratuko du. Orion goizeko 11.30ean haurren lasterketa izango da, eta 12.00etan, berriz, helduen txanda izango da.
Arratsaldean Zarautzen, Aian eta Zestoan izango dute aukera korrikalariek eta Zarautzen, ohi bezala, 3,8 kilometrotako ibilbidea egin beharko da herrian zehar Musika plazatik hasita. Hala, 17.00etan gaztetxoen lasterketa izango da eta 18.00etan helduena. Aian ere 17.00etan hasiko da lasterketa, eta parte hartu nahi dutenek 16.30etik aurrera eman ahal izango dute izena. Zestoan ere kirola eginez agurtuko dute urtea, eta haur nahiz helduek 17.00etan hasiko dute ibilbidea. Lehenengoek 150 metro egin beharko dituzte, eta bigarrenek, 2,4 kilometro. Izen-ematea 16.00etatik 16.45era egongo da zabalik.