Andoain - Errege Magoen pajeak kalez kale ibiliko dira gaur haurrak agurtuz eta eskutitzak jasoko dituzte. La Salle Berrozpe ikastetxeak antolatuko du aurten ere kalejira.
Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeak urtarrilaren 5ean egingo dute ohiko desfilea, baina beren hiru laguntzaileek gaur egingo dute kalejira astotxoa eta gurdiarekin. Andoaingo haurren eskutitzak jasoko dituzte dultzaineroen musikaz lagunduta.
Ibilbideari dagokionez, kalejira 16.30ean abiatuko da Karrikatik. Ondoren, Larramendi kaletik Zumea plazaraino joango dira eta bertan geldialdia egingo dute. Allurraldeko Gabonetako haur parkean ere geratuko dira eta Kale Nagusia zeharkatuta, Basteron ere bai. Desfilea Goiko plazan amaituko da 18.00ak inguruan. Bertan, umeek astotxo gainean bueltatxo bat emateko aukera izango dute.
Kabalgata Urtarrilaren 5eko kabalgatan 150 boluntarioek parte hartuko dute; besteak beste, erregeek, laguntzaileek, antortxeroek eta estalpekoek.
17.00etan lehenengo bisita egingo dute Errege Magoek, pajeek eta laguntzaileek zaharren egoitzara. Bertan aiton-amonei opariak eman eta haiekin solasean arituko dira. Ondoren, 18.30ean abiatuko da komitiba osoa Txitibar plazatik Zumea kalerantz. 19.15ean Goiko plazara iritsiko dira, udalean ongi etorria egingo zaie eta Erregeek balkoitik mezua irakurri eta gozokian banatuko dituzte. - M.S.S.