Realak, sailkapenaren erdigunean kokatuta, ezingo du Europarako txartelik (zehazki Champions Leaguerako) errepikatu eremu epel horretatik. Behealdeko arriskurik ere ez duenez, denboraldia amaitu bitarteko erronkarik deigarriena izango da txuri-urdinentzat igande honetako Anoetako derbia (12.00etan)

Zubietakoentzat beti izaten da gustagarri Athleticen aurkako lehian nagusitzea, eta, hala eginez gero, iragan denboraldiko balentria errepikatuko lukete, bizkaitarren aurkako bi euskal derbietan garaile izan baitziren iaz, kontuan izanik lehen itzulian Lezaman 1-3 irabazi zutela.

Jakina, hau berezia da oso, derbia delako, gainera Reale Arenan eta beste gauza askorengatik

Amaiur Sarriegi - Realeko jokalaria

Nolanahi ere, talde txuri-urdinak ez dio partida honi denboraldiko partidarik garrantzitsuenaren etiketa ezarri nahi, jokalarientzat oso partida berezia bada ere. Amaiur Sarriegik aitortu zuenez, “denboraldi guztietan helburu bakarra izan behar dugu: gauzak ahalik eta ondoen egitea. Oso argi daukagu hori. Eta geratzen zaizkigun norgehiagoka guztiak irabazi nahi ditugu. Jakina, hau berezia da oso, derbia delako, gainera Reale Arenan eta beste gauza askorengatik; baina nire ustez, asteburu guztietako partidak izan behar dute bereziak eta erronka berri bat. Helburuei dagokienez sailkapenean nahi bezain goian ez egon arren, ahalegin guztiak egin behar ditugu eta emaitzarik onenak lortzen saiatu”.

Bestalde, hainbat jokalarirekin batera atzo prentsa aurreko agerraldian honako hau esan zuen Elene Lete atezainak: “Derbia beti derbi, irabazi nahi izaten duzun partida da; eta asmo horrekin zelairatuko gara igandean. Gainera, Reale Arenan jokatzeko aukera izango dugu, eta horrek are bereziagoa egiten du. Oso partida garrantzitsua da taldearentzat, eta bereziki hemengoak garenontzat. Derbiak irabazten jarraitu nahi dugu, baita datorren igandekoa ere, noski”.

Derbia beti derbi, irabazi nahi izaten duzun partida da; eta asmo horrekin zelairatuko gara igandean

Elene Lete - Realeko atezaina

Horren inguruan honako hau nabarmendu du Zumarragako atezainak: “Berdin dio partidara nolako boladan iritsi, derbietan edozer gerta daiteke. Beti oso gogotsu jokatzen ditugu sailkapenean goian ala behean egon”. 

Amaiurren kasuan, Athleticen jokatu izanak ñabardura berezia ematen die partida hauei: “Realera etorri eta lehena oso berezia izan zen, dena puri-purian nuelako. Oraindik ere gogoan dut noski, han hiru urte eman nituela, eta hiru urte oso polit pasa nituen, baina orain argi daukat hemen egon nahi dudala”.

Erreakzioa

Akaso goiz samar bada ere, agian Natalia Arroyok Alejandra Bernabe jokatzeko moduan izango du igandeko derbirako, atzoko entrenamenduaren zati handi bat taldearekin egin baitzuen, orkatilako lesio baten ondorioz azken sei partidak galdu ondoren. Azken sei horietatik partida bakarra irabazi ondoren, ibilbide eskas horren aurrean erreakzionatzea izango da talde gipuzkoarraren helburua

“Azken aldian ez gara horretarako gauza izan, eta aurreko bi partidetan bistakoa izan da. Asteotan huts egin dugu defentsaren eraginkortasunean, eta helburuetako bat atea hutsean mantentzea izango da”, adierazi zuen horren inguruan Amaiur Sarriegik.

“Lanean jardun eta emaitzak garaipenekin edota puntuak hirunaka pilatuz iristen ez direnean, ahalegin guztiak egin arren, frustrazio moduko bat nagusitzen da. Nolanahi ere, gogor segitzen dugu egoera honi buelta emateko inten- tzioarekin”, esan zuen donostiarrak. Eta beste hau ere gehitu zuen: “Gure egoeran, sailkapenak ez gaitu irabazi behar izatera behartzen, baina guk geuk ezartzen diogu helburu hori geure buruari; lanean jarraitu nahi dugu gauzak ahalik eta txukunen egiteko”.

Era berean, denboraldi honen amaieran taldekide askori kontratua amaitzen zaionez, gai hori ere hizpide izan zuen Realeko aurrelariak: “Ni lasai nago. Ez dut kanpotik deus sumatzen. Maila pertsonalean ez nago batere kezkatuta, 2025erainoko kontratua daukadalako; beraz, gainerakoek esan edo egiten dutenak ez nau hainbeste eragiten. Nire lagunek eta Realean egon nahi dutenek bertan jarraitzea nahiko nuke. Baina iritzi guztiak dira errespetagarriak. Nik ez dut erabaki horietan zer esanik, taldekideen, teknikarien edota zuzendaritzaren ardura delako, eta alde horretatik lasai nago”.

Eta, amaitzeko, Jorge Vilda hautatzailearekin izandako desadostasunengatik selekziora ez joatea erabaki zutenen afera ere aipatu zuen: “Nik igandeko partida duk begiz jota, orain atentzio guztia horretan izan behar dudala iruditzen baitzait. Gauza horiek ahalik eta lasterren konpontzea hobe, jokalarion kezka bakarra jokatzea izan behar duelako, eta alde biek arazoa konpon-tzea nahiko nuke".