Kopan kanporatu egin zuen Reala joan den asteazkenean Atletico Madrilek, Zubietan 0-2 galduta, eta joan den igandean porrot mingarria jasan zuten Valentziaren zelaian (2-1). Eta erremediorik onena, Superkopari gogotsu heltzea izan daiteke. Meridan jokatutako da txapelketa, eta lauko azken faserako sailkatuta dago. Talde txuri-urdinak bihar, asteazkenez, jokatuko du lehen finalerdia Sporting Huelvaren aurka, 18:30etan hasita (beste finalerdia ostegunean izango da, eta Real Madril eta Bartzelona izango dira aurrez aurre).

Bi emaitza txar horien ostean txapelketa erakargarri hori Realarentzat pizgarri izatea espero du Natalia Arroyok zuzentzen duen taldeak. Iris Arnáiz jokalariak argi adierazi zuen Superkopak zer suposatzen duen eurentzat: “Torneo erakargarria da, gehienok ez dugulako inoiz bizi izan horrelako txapelketa bat jokatzea zer den. Zozketan Huelva egokitu zitzaigun; oso talde gogorra da eta gauzak oso zail jarriko dizkigu. Ahalegin guztiak egingo ditugu finalaurrekoan nagusitu eta finalerako sailkatu ahal izateko”.

Asteazkeneko partida, dena den, ez da erraza izango: “Bi taldeok, Sporting Huelvak eta guk, ondotxo dakigu zer topatuko dugun partida horretan. Guk, lehenik eta behin, asteburukoa ahaztu behar dugu eta arreta guztia Superkopan ipini; oso txapelketa polita da, ez baita maiz gertatzen finalerdiak eta finalak jokatzeko aukera eskura izatea. Beraz, aprobetxatu egin behar dugu”.

Erdilari asturiarrak aitortu zuenez, igandean Valentziaren aurka lortutako emaitza negatiboa ahazteko baliagarri izan dakieke Superkopa: “Atsekabetuta gaude, emaitzaz aparte ez dugulako Realaren benetako maila eskaini, eta horrek ematen digu minik gehien. Asteburukoa ahaztu eta hurrengo partidua dugu begiz jota, aste honetan oso aukera polita dugulako”. 

Ligako azken norgehiagokaren inguruan hausnarketa egin zuen Irisek, gaur egungo Realari buruz: “Valentziako partidan gauza bat oso deigarria iruditu zitzaidan; alegia, amaitu zenean, Bartzelonari irabazi baliote bezala ospatu zuten aurkariek. Zerbait ondo egiten ari garenaren seinale zela pentsatu zuen. Izan ere, aurreko denboraldian Bartzelona eta Reala ziren talde guztiek menpean hartu nahi zituzten aurkariak eta, itxura batean, aurten ere Realak erreferente izaten jarraitzen du”.