Etxeko eta zaintzako lanetan genero-aldea erdira murriztea du helburu Eusko Jaurlaritzak eta Emakundek. Erronka horixe finkatu dute 2030erako. Izan ere, hamar kasutik zazpitan emakumeek egiten baitituzte tankera horretako lanak. Bestalde, gaur egun 6.000 euro ingurukoa den soldata-arrakala ehuneko bost puntu murriztea ere jarri dute asmo nagusien artean.

Horiek dira Emakunderen Zuzendaritza Kontseiluak atzo onartutako 2030 Berdintasunerako Estrategian jaso diren helburuetako batzuk. Bilkuraren buru Iñigo Urkullu lehendakaria izan zen, eta Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Miren Elgarresta Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak ere parte hartu zuten.

Estrategia horrek hamaika helburu nagusi ditu. Lehenengoa, gaur egun 73 puntu inguruan dagoen Euskadiko Genero Berdintasunaren Indizea handitzea da, 75 puntuak gainditzeraino. Horrekin batera, Euskadiko Administrazio Orokorraren berdintasun-politikak garatzeko aurrekontua pixkanaka handitzea izango du helburu estrategia berriak, aurrekontu orokorretan esleitutako guztizko gastuaren, gutxienez %1,5era eramateko. Gainera, EAEko erakunde publiko guztietan berdintasunerako zerbitzuak eta unitateak ezarriko omen dira, “euren helburuak betetzeko behar adina” langile eta aurrekontu-zuzkidura izango dutelarik. Era berean, euskal administrazio publikoetako langile guztiek berdintasunaren arloko oinarrizko prestakuntza, mailakatua, iraunkorra eta nahitaezkoa bermatuta izatea aurreikusi da. Estrategian nabarmenduta agertzen da, genero-aldea gutxienez erdira murriztu behar dela Euskadiko enplegu-tasarekiko; adierazle hori, gaur egun, %9,3 ingurukoa delarik. Eta ildo beretik jarraituz, Euskadin generoko soldata-arrakala ehuneko bost puntu murriztea jarri da helburutzat, UGTren azterketa baten arabera urtean 6.000 euro ingurukoa baita.

Hezkuntzaren esparruan, euskal hezkuntza-sistemako ikastetxe guztiek hezkidetza-plan propioa izatea sustatuko da, berdintasunaren arloko premiei erantzun “eraginkorra” eskaini ahal izateko. Bestelako gai bati helduz, Euskadin etxeko lanak eta zaintza-lanak egitean dagoen genero-aldea gutxienez erdira murriztea ere aipatzen da dokumentuak jasotako helburuen artean; Emakunderen azterlan baten arabera, etxekoen unitateen %67an baino gehiagotan etxeko lanak eta zaintza-lanak emakumeek egiten dituztelako.

Estrategiaren beste asmoetako bat, Euskadin bizi diren pertsona guztiek emakumeen aurkako indarkeria matxista onartezintzat” jotzea aipatzen da. Eta horren harira, Euskal Autonomia Erkidegoko babes-sisteman sartuta dauden emakume “bakar bat ere” eraila ez izatea jasotzen da helburuen artean. Dokumentu horretan jasota geratu da, gainera, Euskadiko Administrazio Orokorrak bermatu egin behar duela indarkeria matxistatik bizirik atera diren biktimek diru-laguntzak jasoko dituztela kalte-ordainak ordaintzen ez zaizkien kasuetan. Behin Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Zuzendaritza Kontseiluaren oniritzia jaso ondoren, Berdintasunerako 2030 Estrategia Gobernu Kontseiluak onartu beharko du.