GPI laguntzaren onuradunei lan egitea beti komeni izatea lortu nahi du neurri berriarekin Gobernuak. Horrela, 2023tik aurrera, gutxieneko bizi-diru-sarrera jasotzen dutenei handitu egingo zaie euren prestazioaren zenbatekoa, baldin eta enplegu bat aurkitzen badute edota laneko diru-sarrerak hobetzen bazaizkie.

Gutxieneko bizi-sarrerari buruzko legeak prestazioa eta ordaindutako lana bateragarriak izatea aurreikusten bazuen ere, astearte honetan beste urrats bat eman da, Ministroen Kontseiluak GPIaren barruan enplegurako pizgarria arautzen duen errege-dekretua onartu baitu. Mekanismo horrek, gaur egun GPIa kobratzen duten 500.000 familietatik 100.000 etxeri egin liezaieke mesede datorren urtean.

Gizarteratze Ministerioko iturrien arabera, gizarte-prestazio bati lotutako lehen enplegu-pizgarria da, eta Administrazioak inbertituko duen euro bakoitzeko 1 eta 3,5 euro arteko itzulkina izango duela kalkulatu dute.

Bazterkeria-egoera batetik gizartean erabateko partaidetzara igaro-tzea bultzatzea da helburu nagusia, gaur egun gertatzen den bezala laneko errentak handitzeak ez dezan berekin ekarri GPIaren zenbatekoa murriztea, horrek enplegu bat onar-tzeari uko egitea ekar lezakeelako.

Prozedura mailakatu egin da, pizgarria handiagoa izan dadin langabeziatik ateratzen direnentzat, adingabeak dituzten familientzat, guraso bakarreko familientzat eta desgaitasuna duten pertsonekin bizi diren familientzat; izan ere, kasu horietan laneratzea sustatzeko zenbateko handiagoak behar direla egiaztatu baita.

Hasieran, pizgarria handiagoa da, eta soldata handitu ahala hazkundea apaldu egiten da, harik eta etxe mota bakoitzerako bermatutako errentaren %170 lortzen denean desagertu arte; hori, bakarrik bizi den pertsona heldu baten kasuan, 10.030 euro inguru izango litzateke urtean, eta adingabe bat duen guraso bakarreko familia baten kasuan, berriz, 18.252 euro urtean. Horrek esan nahi du errenta bermatuaren %100aren baliokideak diren lan-sarrerak edukitzen direnean ez dela GPIa kobratuko, baina pizgarria jasotzen jarrai daitekeela, legez bermatutako errentaren %170ko diru-sarreretara iritsi arte.

Onartutako pizgarria ez da GPIarekiko prestazio independente bat, eskatu behar ez den gehigarria baizik, ofizioz aktibatuko baita laneko diru-sarreretan aldaketak gertatuz gero: bai enplegua aurkitu delako edota baldintzak hobetu direlako.

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) apiriletik aurrera berrikusten du urtero GGPI jaso-tzen dutenen egoera, orduan hasten baitira aurreko ekitaldiko datu fiskalak eskuratzen; beraz, pizgarriaren lehenengo onuradunek datorren urtearen erdialdean kobratuko dute. 2023tik aurrera errenta bermatuaren %60ra iritsi arte irabazten den guztia GPIari gehituko zaio pizgarri gisa, baina %60tik aurrera aldearen ehuneko bat baino ez da gehituko.

Portzentaia hori %30ekoa izango da lanik egiten ez bazen, eta %20koa jada enplegatuta egonez gero, eta %35era eta %25era igoko da, hurrenez hurren, seme-alabak dituzten familientzat, eta %40ra eta 35era guraso bakarreko familientzat.