Sedigas: "Gas-eskariaren heren bat bihar bertan deskarbonizatu ahal izango litzateke biometanoarekin"

01.06.2022 | 00:59
Joan Batalla, Sedigaseko presidentea. Argazkia: Efe

Madril – Espainiako Estatuak bere "potentziala" probestu eta gas berriztagarrien alde egin beharko omen luke Gasaren Sedigas patronalak atzo azpimarratu zuenez, – bereziki, biometanoaren alde –, ia berehalako formula baita deskarbonizazioaren eta independentzia energetikoaren helburuak ziurtatu ahal izateko. Gas horren hedapenak, eskualdeko ibilbide-orrian "estrategikotzat" hartu behar diren Europarekiko etorkizuneko interkonexio energetikoak osatu egingo lituzke, beti ere "epe ertainean eta luzean pentsatuz", azaldu zuen Joan Batalla Sedigaseko presidenteak elkartearen urteroko bileran.

"Interkonexio orok exekuzio-aldi bat behar izaten du, ez hilabetetakoa gainera, bi edo hiru urtekoa baizik, gasaren barne-merkatua indartzea bermatzekotan", esan zuen Batallak, bere ustez "gas berriztagarriak bideratzeko prestatuta egotea baita garrantzizkoena". Gas horien erabilera sustatzeak Europako estrategiaren helburuak lortzeko dituen onurak ere nabarmendu zituen; izan ere, oraindik asmatu, onartu eta eraiki-tzeke dauden Kontinente Zaharrarekiko interkonexioetan ez bezala, haien azpiegitura erabilgarri baitago dagoeneko.

"Gas-eskariaren heren bat bihar bertan deskarbonizatu ahal izango litzateke biometanoarekin, azpiegituretan edota gure etxeetako galdaretan esku hartu gabe", bateragarria delako, argitu zuen. Sedigasen iritziz, Espainiak oparotasun ekonomikoa sortzeko "aukera ezin hobea du", gas berriztagarrien arloan Europako operazio-gune edo hub izateko baldin-tza guztiak dituelako.

Sedigaseko presidenteak egungo testuinguruari erreferentzia eginez hasi du inaugurazio hitzaldia, "hegazkortasun handi horrek ekonomia guztiei eragiten die, eta koronabirusaren osasun-krisiaren ondoren arriskuan jartzen du susperraldi ekonomikoa". Aldez aurretik eskainitako prentsaurrekoan Batallak aitortu zuenez, Errusiak Ukraina inbaditu izanak egoera hori "larriagotu" badu ere, energia-merkatuen "ziurgabetasuna eta hegazkortasuna" urrundik omen datoz, lehen sintomak iaz nabaritzen hasi zirelarik.

Aurreikuspenen arabera, gasaren prezioa, "megawatt orduko (MWh) 70-71 euro inguruan ibiliko da aurten"; eta maila hori, egonkorragoa izan arren, "2020ko edo 2021eko hasierakoaren gainetik mantenduko da", orduan MWh-ko 24 eurotan bai-tzegoen.

Horri aurre egiteko, ekintza koiunturalak eta egiturazkoak "egitea komeni da. Ez bakarrik horniduraren segurtasuna bermatzeko, baita prezioen hegazkortasuna murrizteko ere", adierazi du, gas naturalaren epe luzeko kontratazioa sustatzearen aldekoa den Batallak. Oraindik ere Europako Batzordearen behin betiko erabakia jaso zain dagoen Espainian eta Portugalen elektrizitatea sortzeko gasaren mugari dagokionean, "zuhurtziaz" jokatu nahi izan zuen elkarteko presidenteak, baina argi adierazi zuen "edozelako mekanismok, gas naturalezko sorkuntza elektrikoaren kostu errealak onartu behar dituela".

"Ez da subsidio bat, ezta laguntza bat ere; Espainian gas naturalaren baliabide propiorik ez dugunez eta inportatu behar dugulako, kostu errealak konpentsatzea baizik", azpimarratu zuen Batallak, Europan hartutako zerga-beherapen "neurri egokiak" ez erabili izana ere nolabait salatuz. Sedigasek esku artean dituen datuen arabera, 2021eko Espainiako eskaria orduko 378 gas-terawatt-ekoa (TWh) izan zen guztira, aurreko ekitaldikoa baino %5 handiagoa, orduko datu horiek pandemiak baldintzatu baitzituen. Denbora-tarte zabalago batekin alderatuta, datu hori azken hamar urteetako batez bestekoa baino %9,2 handiagoa da, eta 2011z geroztik bigarren altuena, besteak beste, jarduera ekonomikoa susper-tzearen eta tenperatura hotzagoa izanaren eraginagatik.

Inportazioen jatorria kontuan hartuz gero, %42,7 Aljeriatik etorri zen, %14,4 AEBetatik, %11,4 Nigeriatik eta %8,7 Errusiatik; beraz portzentaje hori, "Errusiako gasarekiko mendekotasuna duten beste ekonomia batzuen oso azpitik dago", zehaztu nahi izan zuen Batallak. Kazetarien galderei erantzunez, Aljeria "bazkide energetiko fidagarria" zela esan zuen Sedigaseko presidenteak, baina horrek "ez omen du esan nahi", inportazioak dibertsifikatzeko estrategiarekin bat, Estatu Batuek Europarako eta bereziki Espainiarako esportazioak handitu izana gaizki ikusten duenik.

noticias de noticiasdegipuzkoa