- Iñigo Urkullu lehendariak atzo entzun zuen Koiuntura Industrialaren Behatokia osatzen duten Euskadiko 16 klusterren iritzia: datorren seihilekorako egindako aurreikuspenak doitzera behartu ditu Ukrainako krisiak, batez ere jardueraren hiru alderditan: eskaria, fakturazioa eta esportazioak.

Horrekin batera, kezkatuta daudela azaldu zioten energiaren prezio altuak, lehengai faltak eta logistikarekin lotutako etorkizuneko aurreikuspenetan sortutako ziurgabetasuna dela eta. Lehendakariarekin urtero egiten duten bilera BECen izan zen, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua ere bertan zelarik.

Egoeraren alde positiboari begiratuta, ezegonkortasun global horri hobekien aurre egiten dion faktorea I+G+b dela ondorioztatu zuten, eta sailburuak bilkuraren amaieran adierazi zuenez, alor horietako inbertsioak epe ertainera planifikatzen dira eta "sendo" eusten zaie.

Gainera, "otsailaren 24az geroztik piztutako ziurgabetasuna gorabehera, pandemian frogatutako erresilientzia errepikatzeko konfiantza" adierazi zioten klusterrek Eusko Jaurlaritzari. "Errusiaren Ukrainako inbasioa gertatu eta segidan etorri den Espainiako garraio-greba aurretik, sei hilabeteko hazkunde orokorra finkatzea aurreikusita bait zegoen".

Oinarrizko adierazle guztietan (eskaria, fakturazioa, esportazioa, enplegua eta I+G) datu onak bildu ondoren, baikortasuna nagusitu zen sei hilabetekoan, eta hurrengoetan hazkunde hori argi eta garbi sendotuko zela aurreikusia zuen euskal industriak.

Tamalez, haien aburuz, Errusiak Ukraina inbaditu izanak "irauli egin du" ekonomia globalaren martxa eta, zehazki, gure euskal ekonomia, etorkizuneko aurreikuspenetan ziurgabetasuna piztu baitu, batez ere oinarrizko hiru zutabetan: energia, lehengaiak eta logistika.