- INEk atzo jakinarazi zuen industriak Euskadin duen negozio-zifraren bilakaera, eta bertan azaltzen denez, 2019an urte arteko 1,3ko igoera izan ondoren, 2020an %13,3ko jaitsiera gertatu zen koronabirusaren krisiaren ondorioz. 2021ean, ordea, pandemia hasi zen urteko jaitsiera baino bost puntu handiagoko fakturazioaren igoera lortu zen.

Euskal industria, gainera, Estatuan lortutako %16,2ko batez bestekoa baino gehiago hazi den sei autonomia-erkidegoen artean kokatu da, 2002an datu horiek biltzen hasi zirenetik urtebetean izan den hazkunderik handiena delarik, hain zuzen ere.

2021ean sektore guztiek erdietsi zuten urteko tasa positiboa, %58a lortu zuen energia buru izanik. Ondoren datoz, bitarteko ondasunak ( %24ko igoerarekin) eta kontsumo iraunkorrekoak ( %19,6). Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren igoera %8,6koa izan zen, eta ekipamendu-ondasunena %3,9koa.

Salmenten jomuga geografikoaren arabera, merkatu guztiek urteko tasa positiboak izan zituzten joan den ekitaldian. Barne-merkatuarena %18,3koa izan zen, eta kanpo-merkatuarena %11,8koa (%10 eurogunean eta %14,4 eurogunetik kanpo).

2021. urte osoa kontuan harturik, Euskadiko industria-jarduera %10,3 hazi zen 2020. urtearen aldean, eta sektore nagusi guztietan egin zuen gora, gainera.

Urtean metatutako igoera %12,7koa izan zen ekipo-ondasunetan, %10,6koa bitarteko ondasunetan eta %0,3koa energian. Kontsumo-ondasunek, bestalde, %11,9ko igoera metatuarekin itxi zuten urtea; horien baitan, kontsumo-ondasun iraunkorrek %33,0ko igoera izan zuten eta kontsumo-ondasun ez-iraunkorrek %7,4koa.

Petrolioaren prezioa %40 igo da azken urtean; argia eta gasa, berriz, %32tik gora.

Espainiar estatuari erreparatuz gero, industriaren negozio-kopurua %16,2 hazi zen batez beste 2021ean, datu-biltze seriea hasi zen 2002tik izandako gorakadarik handiena delarik.

Horrenbestez, industriaren salmentak goranzko norabidera itzuli dira berriro ere, 2020an pandemiaren eraginez %11,7 hondoratu eta gero. 2021eko fakturazio industrialaren hazkundea sektore guztietan izandakoaren emai-tza izan zen, batez ere energian (+%60,2), eta ondoren bitarteko ondasunak (+%24,2), kontsumo-ondasun iraunkorrak (+%19,8), kontsumo-ondasun ez-iraunkorrak (+%8,7) eta ekipo-ondasunak (+%3,8).

2021ean salmentak gehien igo ziren alorrak honako hauek izan ziren: koke-lantegiak eta petrolioa fintzea (%+60,3); bitxigintza, imitaziozko bitxigintza eta musika-tresneriako artikuluen fabrikazioa (%+58,3); metalurgia (%+45,9), eta motoen zein bizikleten fabrikazioa (%+30,9).

2020. urtearekiko fakturazioa murriztu zuten jarduera bakarrak ontzigin-tza, trenak, aeronautika eta espaziala eta borroka-ibilgailuak (%-8,9) izan ziren, bai eta ibilgailu motordunen, atoien eta erdi-atoien fabrikazioa (%-0,5) ere. Urtaroen eta egutegiaren araberako gorabeherak zuzenduta, industriaren fakturazioak %16ko batez besteko igoera izan zuen 2021ean, energia nagusitu zelarik +%58arekin.

Joan den abenduko industriaren salmentak %17,9 igo ziren 2020ko hilabete beraren aldean, azaroko gorakada 1,2 puntutan apalduz. Abenduko igoera kontuan izanda, hamar hilabete jarraian daramatza sektoreak igoerak metatzen. Kasu honetan ere, egutegiaren eta urtaroen eragina baztertuta, industria-sektorearen urte-arteko fakturazioa %16,3 igo zen abenduan, azarokoa baino 1,4 puntu gutxiago. Hileko tasa aztertuz gero, aldiz, -2021eko abendua, urte bereko azaroarekin alderatuta-, industriaren fakturazioa %1,4 murriztu zen, aurreko maiatzetik (-%1,7) jasandako jaitsierarik handiena erakutsiz. Hileko fakturazioa gehien jaitsi zuten industria-jarduerak honako hauek dira: tabakoaren industria (% -20,2), bestelako garraio-materialen fabrikazioa (% -14,3), eta farmazia-produktuen fabrikazioa (% -8,2).

Aitzitik, abenduan salmenten hileko gorakadarik handienak, kokategietan eta petrolioa fintzean (+%6,8), industria kimikoan (+%2,5) eta ibilgailu motordunen fabrikazioan (+%2,1) izan ziren.