Kirmen Uribek idatzitako Elkarrekin esnatzeko orduak eleberria modu librean moldatuz, Asier Altunaren Karmele filma eskainiko du Zinemaldiak gaur, astelehenarekin. Jone Laspiur donostiarra Karmele Urrestiren azalean sartuko da, II Mundu Gerraren testuinguruan eta Agirre lehendakariaren erbesteko Eusko Jaurlaritzaren esanetara, Francoren aurkako borrokan ibilitako emakume ondarrutarra.
Donostiarra izanik, Sail Ofizialean estreinaldia izatea berezia al da zuretzat?
Kristoren ilusioa egiten dit.
‘Karmele’-ren proiektua iritsi zitzaizunean, zerk erakarri zintuen?
Guztiak. Lehen aldiz proposatu zidaten horrelako erantzukizun handia. Gidoian bertan irakurri nuen gai potolo asko lantzen zituela, artistikoak, musikalak, estetikoak, historikoak... Koktel oso potentea zen. Bestalde, beti da erantzukizun bereziki handia bizi izan zen pertsona baten bizitza kontatzea eta irudikatzea.
Proiektua hasi aurretik Karmele Urrestiren bizitza ezagutzen zenuen aurretik ala, agian, Kirmen Uribek haren inguruan idatzitako nobela irakurria zenuen?
Ez. Kuriosoa da, etxean amak bazuelako irakurria. Gerora irakurri nuen.
Zer iruditu zitzaizun nobela?
Ederra, potentea, datuz betea. Gure belaunaldian ez dugu garai hori apenas ezagutzen. Bigarren Mundu Gerraz hitz egin izan digute, baina ez testuinguru horretan gertatutako hurbileko kontuei buruz. Adibidez, askotan izan naiz Bilboko Arte Ederren Museoan Antonio de Guezala margolariaren obrak ikusten, baina ez nekien zeinen garrantzitsua izan zen Eresoinkaren sorkuntzan.
Uriberen nobela Karmeleren pertsonaiara hurbiltzeko baliagarri izan zitzaizun?
Eleberria lehen oinarria izan da, baina, egia esan, askoz baliotsuagoak izan dira bai Asier Altunarekin, bai familiarekin izan ditugun elkarrizketak. Halere, Karmeleren inguruan pertsonaia bat sortu dugu. Karmeleren inguruan hitz egin dugu, bana ezinezkoa da Karmele fidel bat egitea. Asierrek hasieratik utzi zigun argi, askatasuna izan behar genuela pertsonaia eraikitzeko orduan.
Senitartekoekin egoteko aukera izan zenuen, beraz.
Errodajera etorri ziren eta oso garrantzitsua izan zen niretzat haien iritziak eta kontakizunak entzutea.
Momentu baten zure pertsonaia bera, “burugogor” bezala definitzen da. Burugogorra zen Karmele, edo karisma eta autoritate handiko emakumea?
Nik esango nuke indar handia zeukan pertsona zela, bizigogo handikoa. Borroka eta bizigogoa elkarrekin ikusten zituen. Hori da niri geratu zaidana: haren duintasuna, indarra eta bizipoza.
Pertsonaia eraiki egin duzuela diozu, nolakoa da zuen Karmele?
Emozio desberdin askotatik pasatzen da Karmele pelikulan zehar. Hamar urtetan gertatzen da filma. Beraz, garai bakoitzean Karmele desberdin bat egiten saiatu naiz: hasieran inuzenteagoa. Gaztea zen bai, baina hasieratik erabaki handiak hartu behar izan zituen: gerran geratu erizain lanean ala Euskal Herritik alde egitea. Saiatu naiz emozio horiek guztiak eta berak zuen duintasuna modu tronkalean lantzen. Gero ere, espontaneotasun handia sartu diot. Batez ere argi utzi nahi nuena zera zen. oso pertsonaia naturala zela eta bizitzaren alde egiten zuena.
'Karmele'-k Eresoinkaren sorkuntza erakusten du. Bertan, abesten eta dantzatzen ikusi zaitugu.
Etxean landu behar izan nuen eta gero koruko bertako kideak oso eskuzabalak izan dira, segituan eskaini zidaten laguntza. Oso erronka polita izan da. Urteak neramatzan koru batera gerturatu gabe. Uste dut Asier Altunak oso giro polita sortu zuela lantaldearekin. Baita lanera etorri zen kanpoko jende guztiarekin ere, bai dantza taldeak, bai abesbatzako kideak... izugarri inplikatu dira.
Nola izan da Sagardoyrekin lan egitea?
Oso potentea. Aspalditik nuen berarekin lan egiteko gogoa. Aktore bezala asko miresten dut. Pertsonalki ez nuen ezagutzen eta gauzak izugarri errazten dituen pertsona batekin egin dut topo, umore handia daukana. Tentsiozko momentuak eta, intimitate askoko eszenak ditugu pelikulan, eta oso erraza izan da berarekin lan egitea.
Kimika behintzat antzematen zaizue.
Baietz espero dut.
Kulturaren bitartez politika ere egin daitekeela erakutsi zuen Eresoinkak.
Oso garrantzitsua da ikustea, kulturak eta arteak eskutik laguntzen diotela borroka eta iraultzari. Artea tresna bat da, eta niretzat oso garrantzitsua da tresna horren balioa ikusaraztea. Bere garaian Eresoinkari balio hori ikusi zioten, kulturala zena, baina euskal identitate bat sortzen ere lagundu zuena. Garai horretan oso garrantzitsua izan zen herri bezala identitate hori sortu eta zabaltzea. Funtsezkoa da herri baten iraupenerako.
Halere, momentu batetik aurrera, bereziki Estatu Batuek Franko boteretik botatzearen promesa apurtzen dutenean, erbesteko Eusko Jaurlaritzaren utopiarako joera-edo ezbaian jartzen da... Karmelek oinak lurrean ditu, Txominek ez bezala.
Pelikulak testuinguru oso zehatz bat erakusten du. Garai hartan ez zekiten gero zer gertatuko zen. Tentsio handiko momentuak izan ziren eta erabakiak hartu beharra zegoen. Ikuslearentzat ariketa interesgarria litzateke garai hartan bakoitza nola posizionatu zen aztertzea.
Karmelek hezkuntzaren aldeko aldarria egiteko iraultza modukoa egiten du. Gizonen aurrean hori defendatzen duenean bada tentsio handiko eszena bat.
Eztabaida momentu horretan ere ikuste da, emakumea izanik, berak bazuela beste ikuspuntu bat. Gizon askok eta diplomatikoek etxetik kanpo lan egiten zuten, baina ez zekiten etxe barrutan zer gertatzen zen. Karmelek egunero ikusten zuen frankismoak, hezkuntzaren bidez, bere seme-alabak nola doktrinatzen zituen. Bere ustez, hori zen gerta zitekeenik larriena.
Filmaren momentu batean, Karmeleren amaren papera antzezten duen Nagore Aranburuk dio, bere etxean “familia herriaren aurretik izan dela beti”. Zer da lehenago, familia ala herriaren aldeko borroka?
Familia askotan emakumeek rol hori hartu izan dute. Norberak erantzun beharko dio galdera hori, baina beti ez da erraza izaten familia eta politika uztartzea.
'Karmele' filma, 'Faisaien irla' egin ondoren iritsi zitzaizun. Bietan protagonismo handia duzu.
Diozun bezala, Faisaien irlan kamera oso gainean izan nuen beti, eta hori oso lagungarria izan zait Karmele filmatzekoan. Lan erritmo handi batetik nentorren eta oso modu naturalean egin nuen salto errodaje batetik bestera, nahiz eta oso nekatuta bukatu. Bi pelikulek asko eskatzen zuten:. Karmelek gidoia, abestiak eta dantza, eta Faisaien irlak igeriketa, frantsesa.... Intentsitate handiko hilabeteak izan ziren..
Lau urte pasa dira Goya saria irabazi zenuenetik. Azkar pasa dira?
Gauza asko gertatu dira lau urte hauetan, bai munduan, baita niri neuri ere. Oso pertsona desberdina naizela iruditzen zait. 30 urte betetzera noa eta Ane prestatzen hasi ginenean 24 nituen. Hasieran ez nuen prestakuntzarik, gero Madrilera joan nintzen antzerki ikasketak egitera... Lehen kostatu egiten zitzaidan nire burua aktoretzat kokatzea. Baina gaur egun, erosoago esango nuke, zinez aktore sentitzen naizela.
Goya saria irabazteak ateak ireki zizkizun?
Askotan egiten didate galdera hori, eta ez dakit, ez daukat erantzunik. Goya hasi eta berehala jaso nuenez, ezin dut iragan ezberdin batekin alderatu.
Bereziki euskal zineman garatu duzu zure lana.
Jaso ditudan proposamen guztietatik, bakar bati eman diot ezetza. Gehien bat, proposamenak Euskal Herritik iritsi izan zaizkit, eta gustatuko litzaidake apur bat kanpora irtetea, beti izaten baita interesgarria. Adibidez, laster filmatuko dut gaztelaniazko nire lehen lan luzea, eta orain arte ez dut inoiz halakorik egin. Erronka berriei aurre egiteko gogoz nabil.