Mugaz gaindiko lankidetzarako Europako egitasmo bati esker, artileak parte-hartze garrantzitsua izango du etrolioaren deribatuak eta plastikoak gure eguneroko bizitzatik desagertzeko helburuan.

Lanaland proiektua hispano-frantsesa da, eta Neikerrek koordinatzen du. Eusko Jaurlaritzaren mendeko zentro teknologiko hau, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza sektoreetarako irtenbide berritzaileak sortzen espezializatua da.

Egitasmoa Europako Feder funtsek finantzatzen dute Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa) programaren bidez, eta parte hartzaile hauek ditu: Pirinio Atlantikoetako Nekazaritza Ganbera, Baionako Merkataritza Ganbera, Pau des Pays de l ‘Adourreko Unibertsitatea, Latxa Esnea kooperatiba, Ekolber enpresa teknologikoa eta landa-garapenerako Urkome elkartea.

Proiektua latxa ardiaren artileari irtenbidea emateko premiatik sortu zen; nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan sortutako artile horrek ez baitu, urte batzuetatik hona, inolako erabilerarik.

Idiazabal gazta ekoizteko esnea ematen duten ardiei urtero mozten zaie ilea, urtean bi mila tona artile lortuz.

Miriam Pinto proiektuaren koordinatzaileak Eferi azaldu dionez, artile-bolumen horrek “espazio izugarria” hartzen du, metro karratuko 20 eta 50 kilo arteko dentsitatea duelako. Horregatik sortu zen arazo hori konpontzeko beharra; gainera, arazoa larriagotu egin zen 2016an, Errusiako enbargoarekin lotuta, artile horren erabilera tradizionala desagertu zenean.

Hori zela eta, “latxaren artilea balioan jartzearen alde” lan egiteko ideia sortu zen, “hondar-material hori baliozko produktu berri bihurtuz ustiategiek aparteko diru-sarrera bat lor dezaketelako, bide batez ingurumen-arazo bat konponduz”.

Artile merinoa oso erabilia da ehungintzan leuna delako eta merkatuan ondo txertatuta dagoelako; latxaren artilea, berriz, “zakarra” da, lehenengoaren mikraje bikoitzekoa. Bere ezaugarriengatik “oso artile latza da”, eta horrek, hasiera batean, “ehun-merkatuan zuzenean erabiltzetik kanpo uzten du”.

Lanalandek ardatz dituen lau proiektu zehatzetako bat latxa artiletik material biodegradagarria sortzea da. Oraintxe bertan baliza-tzeko zintak garatzen dabiltza, esate baterako, mendiko lasterketetan ibilbideak markatzeko.

Lehen baliza prototipoak eginda dauzkate, eta orain, azken produktuaren degradagarritasuna eta konpostagarritasuna aztertzen ari dira ikertzaileak.

Pintok azaldu duenez, denbora luzea behar izaten da baliza horiek jasotzeko eta, batzuetan, ingurune naturaletan botata geratzen dira, kasu askotan plastikozko zinta ohikoak direla kontuan izanik.

Prototipo horiekin, materiala ahaztuta bertan geratuko balitz, “aste gutxiren buruan degradatuta egongo da, ingurumenari inolako kalterik eragin gabe”.

Prozesu hori Ekolber enpresa gipuzkoarra ari da garatzen, artilea eta haragi-industriatik datorren hondar-kolagenoa nahastuz.

Bestalde, Donostiako Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ingeniaritza Eskolan, mugaz alde bietako I+G+b enpresa eta zentroekin lankidetzan, 3D inprimagailuentzako hari-ordezko bat garatzen ari dira.

Sortzen den material hori ere biodegradagarria izatea da helburua, nahiz eta polimero jakin batzuekin nahastu beharko denez, degradagarritasun hori aurreko kasuan baino mugatuagoa izango den.

“Oraingoz, 3D inprimagailuen haria sortzen gabiltza, eta behin horren iraunkortasuna eta propietateak lortuta eta zehaztuta ditugunean landuko dugu azken produktu egokienaren diseinua”, zehaztu du Pintok.

Artile-soberakin horretarako beste erabilera bat “ehundu gabeko ehun” bihurtzea litzateke; ingurumen baldintza “muturrekoetan” erabiltzeko laneko jantzien betegarri bihurtzea, edota eskakizun bereziak dituzten lanetan janzteko, ezaugarri hidrofugoak eta suaren aurkakoak dituelako.

Betegarri horrekin, “lumazko” berokien ohiko betegarriak ordezka daitezke, horiek gehienetan, petroliotik eratorritako poliester sintetikoan oinarrituta egoten baitira.

Gainera, Pirinio Atlantikoetako Nekazaritza Ganbera, Paueko Unibertsitatea eta Pays de l‘Adour ikerketa bat egiten ari dira, artilea degradatzen laguntzen duten mikroorganismoak garatzeko konposizio egokia zein den zehaztu, eta gero ongarri gisa erabiltzeko.