- Europako Batasuneko arrantza ministroek legatzaren kuota 2021ean %5ean murriztea erabaki dute eta ondorioz, Bizkaia eta Gipuzkoako arrantzaleek aurten baino legatz gutxiago harrapatu ahal izango dute datorren urtean. Nolanahi ere, onartutako murrizketa Europako Batzordeak proposatutakoa baino txikiagoa da. Izan ere, Bruselak ia %13ko jaitsiera proposatu zien arrantza ministroei zientifikoen ikerketak aintzat hartuta. Beste alde batetik, bokartaren kuotak %3,5eko igoera izango du eta 33.000 tonakoa izango da datorren urtean. Kuota horren %90a Kantauriko flotarentzat izango da, 29.700 tona hain zuzen ere. Brexita gauza-tzeko Erresuma Batua eta Europako Batasunaren arteko akordio ezak goitik behera baldintzatu du arran-tza ministroen batzarra, 119 espezieren harrapaketa mugak ezarri barik geratu dira-eta.

Brexit-aren eraginpean dauden kuoten kasuan (146tik 119), 2020ko kuotak datorren urteko lehen hiruhilekora luzatzea adostu dute; aldi horretan, espeziearen arabera, Erresuma Batuarekin partekatutako kuoten % 25 arrantzatu ahal izango da. Zenbait espezieren kasuan, berdela, lirioa eta txitxarroa hain zuzen, urteko kuotaren % 65era arrantzatu ahalko da urtarrila eta martxoa bitartean. Beraz, abenduaren 31 baino lehen Bruselak eta Londresek akordiorik lor-tzen ez badute ere, Europako arran-tza ontziek Erresuma Batuko uretan jarraitu ahal izango dute arran-tzan.Leandro Azkue, Eusko Jaurlaritzako arrantza eta akuikultura zuzendariaren ustez, Europako Batasuneko arrantza ministroek adostutako kuota banaketa "hankamotz" geratu da Erresuma Batuarekin partekatzen diren kuota guztiak "zintzilik" geratu direlako Brexit-erako akordio baten zain.

Kantauriko legatzaren kuotaren jaitsierari dagokionez, Azkueren iritziz, harrapaketa aukerak murriztea albiste ona izan ez arren, ez da ahaztu behar Europako Batzordeak murrizketa handiagoa proposatu zuela, %13koa hain zuzen ere. "Arrantza ministroek kontuan izan dute legatzaren arrantzak Kantauriko flotarentzat duen garrantzia eta bigundu egin dute Europako Ba-tzordeak egindako proposamena". Azkue pozik agertu da, bokartaren kuota berriz ere 33.000 tonara itzuli delako, iazko jaitsieraren ostean. "Esan beharrik ez dago antxoaren arrantzaldiak garrantzi handia duela gure arrantzaleentzat eta harrapaketa mugaren igoerak garbi erakusten du stockaren egoera osasuntsua dela".