Aitor Mendiluze (Andoain, 1975), bitan irabazle Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan eta Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapeldunorde, izan da NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariaren hogeigarren urteurren ekitaldiko protagonistetako bat. Bertan, gonbidatu guztien aurrean, egunkariari dedikatutako bertso bat abestu du: “... eta zure eskutan, jarraitu nahi dugu”.

Nola lantzen du bertsolari batek horrelako bertsoa?

—Horrelako ospakizun bat dagoenean, berdin zait omenaldia, ospakizuna edo hileta izan, bertsoa pertsonalizatu egin behar da. Horregatik, zer bilatzen zen galdetu nuen, mezu orokorra, eta ondoren horren interpretazioa egin dut.

Askotan uste baino hurbilago al daude kazetaritza eta bertsolaritza?

—Dudarik gabe. Azken finean, bertsolaritza bada neurri batean informazioa jaso eta transmititzeko iturri bat. Lotura handia dute biek. Gainera, gu (bertsolariok), orokorrean, oso prentsa kontsumitzaileak gara.

Bertsotan aritzeko orduan, eguneroko kazetaritza horrek garrantzia al du zuen (dokumentazio) lanean?

—Erabatekoa. Neurri batean behartuak gaude informatuak egotea, eta bide desberdinetatik lortzen dugu informazioa: prentsa idatzia, telebista, irratia, elkarrizketak... Beti esponja lan hori egiten ari gara. Iturri posible guztiak erabiltzen dira, eta prentsa, noski, nagusietako bat da.

Bertsolari moduan, baina baita herritar moduan, garrantzitsua al da Gipuzkoan dugun ekosistemaz gozatzea?

—Bai, dudarik gabe. Informazioa maila eta esparru desberdinetakoa dago. Informazio orokorrari buruz hitz egin eta landu behar da, baina askotan gertuko informazioa ahaztu edo galdu egiten dugu, eta hori nolabait forma ordenatu batean transmititu beharra dago. Bestela, badakigu zer gertatu den Kuala Lumpurren, baina ez gure herritik hamar kilometrotara gertatutakoa. Ondo dago bata, baina bestea ere beharrezkoa da gure egunerokoan eragin handiagoa baitu.

Aitor Mendiluzeren bertsoak


1.

Lehen ale hartatik

hona bitartean

hogei urte igaro

dira bat-batean

notiziak kontatuz

gertatzen joatean

gure lekua egin

dugu jendartean

informatu nahi

duen komunitatean.


2.

Gipuzkoa bertatik

mundu zabalera goaz

eta mundutik

gatoz lokalera

kazetaritzak duen

doitasun galera

iraultzeko helburuz

aletik atera

irteten garelako

goizero kalera.


3.

Zerbitzu izan nahiak

mugitzen gaitu gu

egiaren jakitun

egin nahi zaitugu

horretan hogei urte

bete baditugu

horrek bokazioa

gugan berritu du

eta zure eskutan

jarraitu nahi dugu.