Ehunka pertsonak egin dute bat larunbat honetan Donostian pentsiodunek deitutako manifestazioarekin. Pentsio publiko duinak eskatu dituzte, eta zerbitzu publikoak indartzea. Toledoko Itunak egindako gomendioei eta Espainiako Kongresuak hartutako erabakiari ezezkoa adierazteko ere atera dira kalera.

Izan ere, gomendio horiek jasotzen ez dituzten hainbat kontu beharrezkotzat dituzte pentsiodunek: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, 40 urte kotizatu ondoren erretiro aurreratua hartuz gero murrizketarik ez egitea, pentsio eta soldatetan genero arrakala gainditzeko neurriak eta, alargunen kasuan, pentsioa %100ekoa izatea diru-sarrera bakarra denean. Etorkizuneko pentsio duinak bermatuko dituzten enplegu duinak ere ez direla sustatzen salatu dute.

"130 astelehen daramatzagu kalean eta kalera ateratzen jarraituko dugu", esan du Alderdi Ederreko pentsiodunen asanbladak manifestazioaren amaieran irakurritako testuan. Pandemia egoeran gaude eta eguraldi kaskarra eta euria ere kontra izan dituzte, baina hala ere jendetsua izan da Donostiako Erdialdeko kaleak bete dituen martxa. Osasun egoerari egokituta, zutabeetan abiatu dira, guztien artean distantziak mantenduta. Denok batera bizitzaren alde edo Zerbitzu publikoak indartu izan dira aldarrikatuta leloetako batzuk, baita 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ere.

"Pentsio baxuenak igo egin behar dituzte, %0,9 oso gutxi da, eta emakumeak dira horiek jasotzen dituzten gehienak", azaldu du Maria Serrano Alderdi Ederreko Pentsiodunen Asanbladako kideak. Horregatik uste du kalera ateratzen jarraitu behar dutela, "ondasunak banatu" ditzaten eskatzeko. Arduradun politikoengandik azken urte eta hilabeteotan entzundako diskurtsoek edo "intentzioek" praktikan ez dutela behar bezalako erantzuna izan salatu du eta gaineratu du ezin dela onartu diru publikoarekin pentsioen pribatizazioa laguntzea, zerga-pizgarrien bidez.

"Kalera ateratzen jarraitzea beharrezkoa da, eta garrantzitsua", gaineratu du Donostiako manifestazioan parte hartu duen Lourdes Arostegik. Eta borrokan jarraitu beharra nabarmendu du, "borroka lasaian, baina borrokan".

Pandemiarekin, gainera, pentsio baxuenak jasotzen dituztenen egoerak okerrera ere egin duela salatu dute protestan parte hartu duten beste lagun batzuek, eta etxean denbora gehiago pasatzera behartuta, gastu energetikoak ere gora egingo duela gogoratu dute, askok horiei aurre egiteko zailtasunak dituzten arren. "Pentsio duinak eskubidea dira, kendu nahi diguten eskubidea, eta horiek lortzeko kalera ateratzen jarraitu behar dugu", gaineratu du astelehenero Alderdi Ederren egoten den beste lagun batek.

Gehienak pentsiodunak izan badira ere, gazteagoak ere izan dira manifestazioan. "Borroka hau ez da guretzat bakarrik, denontzat da, etorkizuneko pentsiodunentzat ere bai", aipatu du Arostegik.

Bilbon eta Gasteizen ere bai

Donostian bakarrik ez, Bilbon eta Gasteizen ere manifestazioak izan dira larunbat honetan (Iruñean azaroaren 30ean egin zuten protesta). Espainiako Gobernuari erabakitakoa ez dela nahikoa eta "erne" egongo direla esan diote.

Besteak beste, "pentsio pribatuei kantxa handiagoa" ematea salatu dute Bilbon Jon Fano eta Andrea Uña Bizkaiko mugimenduko ohiko bozeramaileek, diru publikoarekin pentsio plan pribatuak laguntzea, alegia. Bilbon 1.000 pertsona baino gehixeago bildu dira mobilizazioan, eta Gasteizen 300 pertsona inguruk parte hartu dute, Pentsio publiko duinak lelopean.