DONOSTIA. Iñigo Urkullu Lehendakaria, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia eta Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte lagun zituela, CIC nanoGUNEren X. urteurrena dela-eta antolatutako ekitaldian izan da.
Ekitaldian izan dira baita ere Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olano eta Donostiako alkate Eneko Goia. Ibarretxe Lehendakaria ere izan da bertan gonbidatu berezi gisa.
Bere jardunean, gizarte gisa eta Herrialde gisa hobetzen eta hazten jarraitzeko nahia adierazi du Lehendakariak. Horretarako, Lehendakariak esan duenez, Nanogune bezalako enpresekin lankidetzan jarraitu nahi du Eusko Jaurlaritzak. "Euskadiko industria-ehunari ezagutza eta talentua ekarri dizkio "nano apustuak"", adierazi du.
Nanozientziaren eta nanoteknologiaren ahalmen eraldatzailea azpimarratu du Lehendakariak eta, adierazi duenez, eraldaketa horrek ahalmena ematen dio Euskadiren etorkizunerako oinarrizkoak diren sektoreak aldatzeko: Fabrikazio aurreratua, Energia, Bio-osasuna eta Ingurumena. Gainera, nabarmendu du eraldaketa horrek ahalmena duela oraingo industria aldatzeko, eraginkortasuna eta balio erantsia ekartzeko, eta etorkizuneko industria berrian aurrera egiteko.
Bestalde, CIC nanoGUNEren lorpenen garrantzia azpimarratu du Lehendakariak. Besteren artean, nabarmendu duenez, CIC nanoGUNEk nazioarteko punta-puntako zentro gisa kokatzea lortu du. "Zientziaren eta teknologiaren orainaldian aitzindaritzan egoteko anbiziotik posible da aurrerapausoak ematea eta onenekin lehian aritzea", zehaztu du.
Lehendakariak CIC nanoGUNEren datu esanguratsu bat azpimarratu du: 14 patente 10 urtetan. "Nanogunek erakutsi egiten digu Euskadi etorkizunari begira dagoela eta, egindako bidetik ikasita, elkarren eskutik ari garela lanean aurrera egin eta hobetze aldera", zehaztu du.
CIC nanoGUNE
Zentro txiki hau, herrialde txiki batean kokatua, nanozientziaren ikerketan Euskadi aitzindaritzan kokatzeko helburuarekin sortu zen, behar diren baldintzak sortzen laguntzeko gizartea nanoteknologiak ematen dituen aukera zabalen onuradun izan dadin. Nanozientzian eta nanoteknologian bikaintasuneko ikerketa eta teknologiaren transferentzia aurrera eramatean oinarritzen da nanoGUNEren estrategia, eta horretarako bultzatu egiten du ikertzaileentzako goi-mailako prestakuntza, eta sustatu egiten du zientzia, teknologia eta berrikuntzaren euskal sareko hainbat eragileren arteko lankidetza, baita eragile horien eta industriaren artekoa ere.
NanoGUNEk lortu egin du abangoardiako azpiegitura bat martxan jartzea, eta kualifikazio-maila handiko ikertzaileak erakarri ditu. Hala, garrantzizko ekarpenak egiten ari dira haiek nanozientziaren eta nanoteknologiaren zenbait eremutan. Gainera, pauso irmoak ematen ari da merkatuari ezagutza transmititzeko, oinarri nanoteknologikoa duten enpresa berriak sortuz eta I+G proiektuetan industriarekin zuzenean lan eginez.