1922az geroztik dabil Añorga Kultur eta Kirol Elkartea (AKKE) Donostiako auzo horretako egunerokotasuna dinamizatzen. Bihar, abuztuak 28, 100 urte beteko ditu eta, ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu ditu. Horien artean, agian bereziena, elkartearekin harreman estua izandako zenbait pertsonari eta entitateei bihar goizez egingo dieten omenaldia.

Mendeurreneko festa ez da, ordea, egun bakarreko kontua izango. Osteguna hilak 25etik dabiltza añorgatarrak ospakizunean murgilduta, ekintza kopuru nagusia astebururako utzi arren.

Merezitako gorazarreak hiru agertoki izango ditu bihar, goizean eta eguerdian zehar. Lehena, Rezola Fabrikan, 10.00etan; bigarrena, Antxon Aiestaran Kultur Etxearen kanpoaldean, 11.15ean; eta azkena, auzoko pilotalekuan, 14.30etik aurrera herri bazkaria egingo baita bertan.

Omenduen zerrendan izen ugari daude. Batetik, Ramon Azkarate eta Mari Carmen Tardaguila, Cementos Rezolako langileen ordezkari gisa, haiek sortu baitzuten AKKE. Bestetik, azken 25 urteotan elkarteko lehendakari eta zuzendaritzako kide izandako guztiak, eta horien artean, bereziki nabarmenduko dituzte Maritxu Soroa, Mariaje Nogues eta Mari Karmen Zapirain, 1967an zuzendaritza-taldeko lehen emakumeak izandakoak, eta Agur-tzane Manterola, emakumezko lehen lehendakaria, 2014 eta 2018 bitartean.

Bazkideak ere gogoan izango dituzte, eta Maria Sagrario Morcillo eta Bernardo Berasategik irudikatuko dituzte haiek guztiak. Kulturari dagokionez, 1964an Añorgan sortu zen Ertizka Otxoteari eta Añorga Escolar urtekariari ere gorazarre egingo diete.

Omenaldiaz gain, hainbat erakunderi eskerrak luzatu nahi dizkie AKKEk, elkartearen biziraupenari modu batean ala bestean lagundu izanagatik. Rezola Museoa, Real Sociedad, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Donostiako Orfeoia, Atotxa Erreka Elkartea, Añorgatxikitarrak Auzo Elkartea, Amassorrain Ikastola, Gazte Asanblada, Gure Kabia Elkartea, Gorga Historia Mintegia eta Karmengo Amako parrokia gogoan izango dituzte.

Beraz, erakundeen ordezkari ugari bilduko dira bihar goizean Añorgan. Besteak beste, Eneko Goia, Donostiako alkatea; Martin Ibabe, Kiroleko, Herri Segurtasuneko eta Herri Babeseko zinegotzia; Mariaje Idoeta, Auzoetako zinegotzi ordezkaria; Harkaitz Millan, Foru Aldundiko Kultura, Gaztedi eta Kirol diputatua; Jokin Aperribay, Realeko presidentea; Jose Maria Echarri, Donostiako Orfeoiko presidentea; eta Rafael Pascual, Cementos Rezolako zuzendaria.

Omenaldi eta eskerron guztien ostean, igandea jai giroan amaituko dute añorgatarrek, bazkalostean Dj Garik musika emanaldia eskainiko baitu.

Gainera, gaur arratsaldean bertan, etxeko txikienek AKKEren mendeurrena ospatzeko aukera paregabea izango dute. 17.00etan zabalduko dute jolas-parkea eta haurrentzako merienda eta jolasak izango dira; 18.00etan buruhandiak irtengo dira kalera; 19.00etan zunba egiteko parada; 20.00etan bandera igoera izango da eta, ondoren, bokatak banatuko dira Jolas Etxean; azkenik, 21.00etan AKKEren 75. urteurrenean eginiko antzerkiaren proiekzioa izango da ikusgai.

Gaur egun, AKKEk 450 bazkide eta 1.000 kirolari biltzen ditu. Hamasei futbol talde eta bost saskibaloi talde osatu dituzte; pilotan, triatloian, txirrindularitzan eta mendian aritzeko aukerarik ere badago; 120 dantzari dituzte helduen taldean eta gazte eta gaztetxoen lau taldeetan banatuta; bertso eskola, baita erraldoi eta buruhandien konpartsa ere. l