San Sebastian eguneko haurren danborrada heldu zen eta horrekin batera desfilea itxiko zuen karrozaren diseinua, ordura arte ondoen gordetako sekretua, ezagutzeko unea. Erlojuak 12.30ak eman baino lehen, Azpeitiko erdiguneko kaleak jendez gainezka zeuden, haurren desfilea eta okasiorako prestatutako karrozaren diseinua ikusteko.
Naiara Larrañagak egindako lana herritarren gustukoa izango zela lehenengo unetik nabaritu zen. Izan ere, karrozak hirigunean bildutako herritarren txalo zaparrada hartu zuen danborradaren ibilbidean agerraldia egin zuen unetik. Poza, beraz, egilearentzat. Are handiagoa, bere aitona zenaren Ignacio Agirreri eskainita egonda.
Ignacio 2014an hil zen, 37 urte luzez karroza diseinatzen eta egiten laguntzen aritu ondoren. Horregatik, aurtengoa berari eskaintzea erabaki zuen Azpeitiko Udalak.
Diseinua aukeratzeko proiektuen lehiaketa Ignacioren bilobak irabazi zuen eta honek argi zuen hasieratik bere lanaren helburua "aittitte zena pixkat hobeto ezagutzera ematea" izan behar zuela. Eta lortu zuen.
Karroza alaian arotzaren lana, diseinuaren mundua, abesteko partitura baten notak... Ignacio Agirrek bere bizitzan zehar jorratu zituen hainbat arlo ezagutzeko parada izan zuten herritarrek Naiarak diseinatu eta eraikitako karrozaren bitartez.
Horrela bada, atzokoa egun polita izan zen karrozaren egilearentzat eta bere familia osoarentzat. Hunkituta agertu zena Ignacioren alarguna eta Naiara Larrañagaren amama den Karmen Eizmendi izan zen. Honek Udalaren omenaldi xumea jaso zuen eta eskertuta hartu zuen herriko alkateak emandako lore-sorta.
Ikasberri ikastolako umeek ere gustura egin zuten danborradaren ibilbidea Karrozaren gainean.