Ia 500 ekitaldi daude antolatuta egun hauetarako programa ofizialaren eta Piraten egitarauaren baitan eta egun argia ez da guztiak hartzeko gai: eguzkia joan eta su artifizialen ondoren, oraindik hamaika plan egiteko aukera dago hiriko kaleetan, eta donostiar eta bisitariek ondo badakite hori.

Afalostean milaka dira hondartzan hitzordua egiten dutenak suak ikusteko eta taldetxoak ere osatzen dira han eta hemen. Baina eztanden ondoren askok ez dute oraindik etxera itzultzeko gogorik. 23.30ean Londres hoteletik abiatzen den zezen suzkoak erakartzen ditu ba-tzuk, helatua digeritu baino lehen, haren aurretik korrika egin behar dutela badakite ere.

Beste askok, urtez urte, Gipuzkoa plazarako bidea hartzen dute, antzerki saio bat ikusteko. Kalean jarritako taula gainetik publiko zabala lortzen dute antzezleek egunero.

Dantzarako gogoa dutenek Easo plazako dantzaldira jotzen dute, baita Bulebarreko kioskoan eskaintzen den emanaldira ere: folk estiloko musika, tangoa edo mariachiak en-tzun daitezke egun hauetan, esaterako. Konstituzio plaza ere betetzen da 23.30etik aurrera: normalean erromeria izaten da, baina gaur Ez da kasualitatea bertso eta musika saioa izango da ikusgai.

parranda Gauerdia pasata, dena den, parrandazaleak izaten dira hiria konkistatzen dutenak. Eta haiek ere hainbat aukera eta txoko dituzte gauero.

Sagueseko ingurua izaten da horietako bat, kontzertu nagusien eszenatokia. Ondoren, gaztetxoek Kursaaleko terrazak aukeratzen dituzte. Asteazken gauean Oihan Vega Dja izan zen gonbidatua eta milaka gazte bildu eta dantzarazi zituen goizeko ordu txikiak arte.

Piraten La Flamenka eszenatokia ere musikaz eta jendez betetzen da gauero eta Guardetxean aritzen diren Djek badute haien publikoa. Eta, nola ez, Parte Zaharreko tabernek ere bai.