Donostia. Donostiako Piratek atzo aurkeztu zuten haien Aste Nagusiko programa, hilaren 13tik 21era gauzatuko dena. Aurtengo edizioan berrikuntza nagusi bat izango dute: gune nagusia portuan kokatuko da. Iaz Trinitate plaza La Flamenka bezala bataiatu eta aste guztirako ekimenen espazio bihurtu zuten eta, atzo azaldu zutenez, aurrerapen handia izan zen hura. Txiki gelditu zitzaien, ordea, plaza hori Piratei eta aurten, Aste Nagusian zehar haien programa gauzatzeko kaia uzteko eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari, Garraio Sailari zehazki. Lakuak baiezkoa eman dio proposamenari.
Horregatik, festa herrikoen aldeko talde honen ordezkariek, Aratz Trecetek eta Aritz Varelak, Donostiako zinegotzi sozialista eta Garraio sailburuorde Ernesto Gascori eskerrak eman zizkioten bere esku-hartzeagatik. Modu berean, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirreri ere eskerrak eman zizkioten Piratei babesa emateagatik. "Jai herrikoiei buruz hitz egin dugu Udalarekin eta aurrera begira hitz egiten jarraitzeko asmoa daukagu", adierazi zuen Trecetek.
La Flamenka gunea lonja eta Portaletas tartean kokatuko dute, Karmenetako ereduari jarraiki, inguru horretako aparkalekuaren inguruan. Txosna bat jarriko dute eta baita kontzertuetarako taula bat ere. Egunero izango diren ekintzez gain, Piratek aurreratu zutenez, arratsaldero, 19.30ean, sardin jana izango da. 20.00etatik aurrera, gainera, afaltzeko aukera izango da.
lema Donostiako Piraten bedera-tzigarren Aste Nagusirako aukeratu duten lema Auzolana eredu! Denon Aste Nagusia izan da. Izan ere, herritarren ekarpenekin osatu du programa taldeak, auzoetan egindako asanbladen bitartez. "Piraten lan guztia auzolanaren bitartez egin dugu", gogoratu zuen Trecetek. Hemendik aurrerako erronkei ere auzolan horretan oinarrituta egingo dietela aurre gaineratu zuen.
"Egoera berri honetan ez da inolako dinamikarik agortzen", aipatu zuten Piratek Donostiako Udaleko Gobernu aldaketaren harira. "Are eta gehiago: herri mugimenduak aldaketaren lerroan jarraitu behar du", gehitu zuten Piratek prentsa ohar batean. "Azken finean herri mugimendua gara eta hori da Piratek duten altxorrik preziatuena, herria eta mugimendu soziala", esan zuten.