Donostia. "Ai, ahaztu zait". Bertso eskolako gazte bat izan zen atzo lehen txaloak eta algarak piztu zituena. Santo Tomas Lizeoaren 50. urteurrena ospatzeko Kursaalen antolatutako jaialdian, hain zuzen, bertsolari gazteak izan ziren taulara igotzen lehenak eta parez pare zituzten ia 2.000 lizeotarrei haien ikastolaren ingurukoak kontatzeko arduradunak.

Gaurko ikasleen ondoren, atzokoek hartu zuten lekukoa: bertsotan, jada, maisu diren Gaztelumendi anaiek eta Manex Mujikak. Atzoko ikasleak edo gurasoak izan ziren, baita ere, ekitaldia aurkezteko ardura hartu zutenak: Xabier Euzkitze, Maialen Iriarte, Xabier Zaldua eta Joxe Felipe Auzmendi, besteak beste.

Eta taula gainean egoterik izan ez bazuten ere, Lizeoaren 50 urte hauetako historiako parte diren guztiak eduki nahi izan zituzten gogoan. "Ametsa egi bihurtzeko" lanari ekin ziotenak 60ko hamarkadaren hasieran, euskarazko heziketa osoa eskainiko zuen lehen ikastola sor-tzeko. Mari Karmen Alzueta, Joxe Mari Aranalde, Teodoro Lete... Euskadiko Orkestran ari den Jon Larraz ikasle ohiak eskaini zien biolontxelo pieza bat hildako lizeotar guztiei.

alkain, neskame Pantailan, bien bitartean, gaurko ikasle eta irakasleek hartu zuten hitza, garai bateko argazkiak eta egungo bideoak tartekatuz.

Kursaalen bildutakoen algararik altuenak lortu zituena igo zen taula gainera orduan. Neskamez jan-tzita, Anjel Alkain (ikasle ohia, bera ere) agertu zen pasillotik. Santos Sarasola zuzendari izandakoa izan zuen ahoan, Alkain neskamearen amore platonikoa, nonbait. Joxe Mari Aranalde ere izan zuen hizpide, baita garai batean UBIko ikasleek antolatutako diskakou festak ere.

Neskame jantziarekin edo gabe, Kontxara Lizeoko taldea futbolean jokatzen ikustera joaten zirenekoak ere gogoratu zituen Alkainek. Han aritzen zen, baita ere, pantailatik lizeotarrak agurtu zituen Xabi Prieto Realeko jokalaria ere. Harekin batera, ikasle ohi izandako beste kirolari eta antzerkigileek ere hartu zuten hitza Kursaalen botatako bideoetan, baita Iñigo Lamarka Arartekoak ere.

Piano doinuak izan ziren, Easo abesbatzako kideen ahotsak, danborrak, auurreskua eta, baita ere, okasiorako sortutako Gora Lizeoa abestia ere.

afaria Bi orduko ekitaldia izan zen Kursaalekoa, baina mende erdiko ospakizunak aurrera jarraitu zuen ondoren. Kongresu jauregitik atera eta Ni Neu jatetxean jarraitu zuten festarekin lizeotarrek.