- Igandean Acunsa Gipuzkoa Basketek Iberostar Teneriferen aurka lortutako garaipenak (89-87), bizipoz pittin bat ekarri dio ACB Ligako azken sailkatuari. Azpimarratzekoa da, gainera, denboraldiko puntuazio markarik onena erdietsi zuela taldeak, ordura arte saskiratzaile nagusia zen Jaime Echenique kolonbiarra, belauneko lesio larriaren ondorioz, denboraldi guztirako galdu duenean. Gipuzkoarren garaipenak kutsu epikoa izan zuen, izan ere, taldeko bi pibotetako baten hutsuneaz gain, COVID-19a dela eta Marcelo Nicola entrenatzailea ere faltan izan baitzuten, eta, ondorioz, haren laguntzaileak, Iñaki Martinek, gidatu behar izan zuen taldea.

Harrigarria da, baita ere, garaipenaren saskiratzea, urritik taldearekin entrenatzen zebilen eta talde donostiarrak fitxatu berri duen Mike Carlsonek lortzea. Jokalariak maila ikusgarria eman zuen, hirukoetan % 100a lortuz, eta saskiratze guztiak, gainera, partidaren une erabakigarrietan. Partida osoan zehar GBCko saskiratzaile onena Dee izan zen, 20 puntu lortuta.

Orain arte, gipuzkoarren markarik onena 86 puntutan zegoen, eta haiek ere, dauzkaten hiru garaipenetako bat lortzeko balio izan zuten Morabanc Andorraren aurkako norgehiagokan.

Gipuzkoa Basketen partidako batez besteko saskiratze maila 71,9 puntutan dago eta lehiaketako apalena da. Beraz, denboraldi honetako talde errebelazioaren aurka lortutako puntu kopurua, Tenerife Europan ere bikain dabilela eta ACB postuan dagoela kontuan izanik, Illunbekoen partida ederraren erakusgarri dira.

Orain, GBCk azken jardunaldietan erakutsitako hobekuntza baieztatu beharko du, Joventut, Bartzelona eta Estudiantesen aurka urtarrilean izango dituen partidetan; eta ea aurki hasiko duen bigarren itzuli honetan mailari eusteko aukerarik izaten duen.

Talde gipuzkoarra oztopoak gainditzeko gauza izan zen, Marcelo Nicola entrenatzailea eta Echenique izarra falta zituela